Nafarroako hegaztien bosgarren jardunaldiak antolatu dituzte Baztan-Bidasoaldeko hainbat erakundek. Hasteko, irailaren 27an, larunbat goizeko 9etan Etxalarren migrazioan dauden hegaztien behaketa eta haurrendako txokolatada izanen da Lizaietako lepoan. Egun horretan hasi eta urriaren 5era arte, Bertizko Lamien aretoan Itxusi Argazki Taldearen hegazti eta paisaiaren inguruko erakusketa eginen da.
Irailaren 28an, Baztango Jardunaldiak eginen dira. Igande goizeko 10etan Infernuko Errotarako natura-txangoa aterako da Etxebertzeko Bordatik, Joaquin Araujo eta Juan Goñirekin. 18:00etan Joaquin Araujo adituak “Espacios protegidos, en defensa de la vivacidad” hitzaldia eskainiko du Iruritako Jauregian.
Urriko lehen asteburuan ere
Irailaren hondar asteburuan ez ezik, urriko lehen aste hondarrean ere izanen dira hegaztien jardunaldiko ekitaldiak.
Urriaren 3an, ortziral arratsaldeko 6:30ean Juan Goñik “La migración de las aves, el viaje sin fín” hitzaldia eskainiko du Iruritako Jauregian. Arratseko 8etan, berriz, gaueko ateraldia eginen dute Iruritako plazatik abiatuta, argi tranpa batek erakarritako gaueko tximeletak behatzeko, ADEMAReko Tomas Latasaren eskutik.
Urriaren 4an, larunbat goizeko 9:30ean hasita, Baztango Gorramendin eta Lizartzun, hegaztiei eraztuna jartzeko tailerra izanen da Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik. Migrazioan dauden hegaztien behaketa eginen da Linus proiektuaren bolondresen eskutik. Hegazti nekrofagoen behaketa ere eginen da eta eguneko tximeletak hartzea eta behatzea ADEMAReko Tomas Latasaren eskutik. 10:00etan txango ornitologiko gidatua eginen da Mikel Mugiroren eskutik. 18:30ean, “Las aves: pasaje a la naturaleza” hitzaldia eskainiko du Victor J. Hernandezek Iruritako Jauregian. 20:30ean, “Aves, esencia de Libertad” olerki-errezitaldia eginen da Iruritako Jauregiko lirategian, Patricia Furlongen eskutik.
Urriaren 5ean, azkenik, igande goizeko 10:30ean txango gidatua eginen da Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean, “Mírame Navarra al natural” eta Victor J. Hernandezen eskutik. Txango hau Bertizko Ate Irekietako Egunaren egitarauan dago. 14:30ean, Nafarroako Hegaztien V. Jardunaldien itxiera eta parte-hartzaile guztiendako adiskidetze bazkaria eginen da Oronoz-Mugairiko Urgain jatetxean (10:30ak baino lehenago erreserba eginda).