Lesaka, Bera, Bidasoa eta Plazaolako martxak egunotan

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 18a

Konpetiziorik gabe bizikletan ibiltzeko aukerak eskainiko dituzte datozen bi igandetan

Mendi bizikleta maite duenak ez du asper­tzeko aukerarik izanen egunotan. Irailaren 21ean, Beti Gazte elkarteak antolatutako Lesakako mendi bizikleta ibilaldia eta Bertizko Par­tzuergoak Behobia eta Bertizen artean antolatutako Bidasoko Bide Berdearen martxa eginen dira. Irailaren 28an, berriz, Gure Txokoak antolatutako Berako Mendi Bizikleta ibilaldiaren 22. edizioa eta Plazaolako bide berdearen martxa eginen dira (VIII. Maratoi Erdiarekin batera).
 
Lesakan bi ibilbide eskainiko dituzte aukeran igandean: 45 kilometro luze eta 1.700 metroko desnibela duena luzeena eta 34 kilometro luze eta 1.100 metroko desnibelekoa laburrena. Igandean 09:00etan abiatuko dira txirrindulariak eta 08:00etatik 08:45era izanen dute izen emateko aukera (10 euro federatuek eta 15 euro federatu gabekoek).
 
Egun berean, Bertizko Partzuergoak Bidasoko Bide Berdetik VII. BTT martxa proposatu du Behobia eta Bertiz artean (42 km.). Haur eta familientzako ibilbidea ere izanen da, Sunbillako garbitegitik aterata (15 km). Izen-emateak egun berean egin daitezke (helduek 10 euro eta 8-14 urtekoak 8 euro ibilbide luzean eta 5-3 euro labu­rrean), baina Bertizeko parkinetik Behobiako irteera puntura garraioa nahi duenak irailaren 18ra arte erreserbatu dezake partzuer­goan.
 
Beran ohiko ibilbideak izanen dituzte hilaren 28an, 09:00etan abiatuta, baina alderan­tzizko norantzan, «politagoa eta gogorxeagoa» antolatzaileen ustez. Ibilbide luzeak 33,5 kilometro ditu eta labu­rrak 22 kilometro. Hau­rren ibilbidea (ibilbide ttikia) ere desberdina izanen da aurten.  Haundiak atera ondotik, hau­rrak furgonetan Landagaitara goitu eta bertan emanen diote hasiera ibilbide ttikiari. 
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun