Hiru jardunaldi jokatu ondotik, Nafarroako Herriz Herri Txapelketaren finala jokatu zuten abuztuaren 30ean Berriozarren. Bi proba konbinatutan lehiatu ziren taldeak: lehenbizikoan lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, lasterka eta arpanean aritu ziren eta bigarren proba konbinatuan txinga eramaten eta ingude altxatzen.
Lehen proba konbinatuan, Arraiozko taldea nagusitu zen 17:32.19ko denbora egin ondotik. Proba honetan bigarrena Berako taldea izan zen (18:07.31); hirugarrena Menditarrak taldea gelditu zen (18:07.98) eta laugarren Berriozar (19:36.95).
Bigarren proba konbinatuan txapela Berako taldearentzat izan zen eta bigarren postua Berriozarrentzat. Baina Bera eta Berriozar taldeak seina puntu eskuratuta berdindu egin zuten eta berdinketa hori hausteko bertze proba bat egin behar izan zuten. Zozketa bidez aukeratu zuten proba eta txingena atera zen. Txinga proba Berak irabazi zuenez, txapela beratarrentzat izan zen. Hirugarren Artzanegi taldea gelditu zen eta laugarren Menditarrak.