Hirugarren finalean txapela lortu du Julen San Miguelek

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 18a

San Miguel Hondarribiako arraunlariekin ageri da. Maialen ANDRES

19-30 irabazi zion Urrizari irailaren 6ko finalean

Hirugarren finalean bai. Buruz buruko erremonteko txapela lortu du Julen San Miguel doneztebarrak, irailaren 6an Galarretan jokatutako finalean Javier Urrizari 19-30 irabazita eta bere betiko ametsa betez. Duela lau urte, lehen finalean Ezkurraren kontra galdu zuen eta iaz Urriza beraren kontra erori zen. Aurten, erre­bantxa hartu eta uste baino errazago nagusitu zen.
 
San Miguelek eta Urri­zak elkarren kontra jokatuak zituzten lau partidak Iruñekoak irabaziak zituenez, dirua Urrizaren alde atera zen, baina katedrak ez zuen asmatu. Doneztebekoak sasoi punttu onean dagoela nabarmendu zuen berriz ere eta Urri­zak ere, azken aldian bezala, ez zuen bere mailarik onena eskaini. Bi erremontelariek garbi zuten bere plana: San Miguelek sakearekin dominatu nahi zuen eta, ahal zela, piloteo luzerik gabe jokatu. Urrizak, alderan­tziz, tantoak luzatu nahi zituen. 
 
0-3 eta 1-6 aitzinetik jarri zen San Miguel, bere sakeari esker. 4-7ra hurbildu zen Urriza, baina berriz ere 4-12ra joan zen Doneztebekoa. Dozena horretatik erdia sakez eginak zituen San Miguelek eta Urrizak ez zekien nola jarri. 8-13ra hurbildu zen berriz ere aurrelaria baina hurrengo zortziak Julenek egin zituen berriz (8-21). 13 tantuko alde hori izan zen handiena, baina kasik bukaera arte mantendu zen (14-27). Bortz tanto segidan egin zituen Urri­zak (19-27), baina azken hiruak Doneztebekoaren alde erori ziren.
 
San Miguelek 12 tanto egin zituen sakearekin eta bertze horrenber­tze piloteoan. Bortz hu­tsegite egin zituen. Urrizak 4 tanto egin zituen sakez, baita falta bat ere. Piloteoan 10 tanto egin zituen eta honek 5 huts egin zituen.
 
TXAPELDUNAREN IRITZIA
Julen SAN MIGUEL |  BURUZ BURUKO TXAPELDUN LEHEN ALDIZ
«Txapel hau irabaztea 30 kilo gainetik kentzea bezalakoa izan da»
 
Julen San Miguel zoriontsu zegoen finala akitutakoan. «Txapela irabaztea ametsa betetzea da niretzat. Aspalditik nengoen txapelaren bila eta lortu dut. Bi final galdu ondotik, hiruga­rrenean lortu dut eta hori 30 kilo gainetik kentzea bezalakoa izan da». Doneztebarrarentzat sakean egon zen gakoa: «Hagitz garrantzitsua izan da, min handia egin diot eta banekien horrela ez genuela piloteo luzerik eginen, nire mesederako». Ongi hasteak ere mesede egin ziola uste du, «oso lasai ailegatu naiz, presiorik gabe. Au­rreko bi finaletan urduri nengoen, baina oraingoan ez eta hasierako abantailarekin konfidantza hartu dut».
 
Urrizak ez zuen bere jokurik onena egin, baina hori bere meritua izan zela uste du San Miguelek, sakearen bidez dominatu baitzuen. Duela 13 urte hildako amaz gogoratu eta hurbilekoei eskaini die txapela, «Doneztebe eta Errezilgo familiari eta baita beti hurbilean ditudan lagunei eta Jon Ezama botilleroari ere».
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun