Maite Maiora nagusi izan zen 800 Dukado Mendi Maratoian

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 18a

Maite Maiora garaile sartzen helmugan, 42 kilometroko lasterketa burutu ondotik. Aitor AROTZENA

400 bat emakume bildu ziren, luzera ezberdinetako probetan parte hartzera

Emakumeen Munduko Lehen Mendi Maratoia burutu zen irailaren 7an Sunbillan. Emakumeen artean kirola sustatzea zen probaren helburua eta horregatik maila desberdinetara egokitutako ibilbideak prestatu zituen Abiatu Kirol Klubak, probaren antolatzaileak. Maratoian, 44 partehartzaileen artean Maite Maiora gipuzkoarra nagusitu zen, 42 kilometro luze eta 2.420 metroko desnibela zuen ibilbidea, 3 ordu eta 52 minututan osatu ondotik. Kantabriako Azara García de los Salmones izan zen bigarren bortz minutara eta Laura Sola nafarrak osatu zuen podiuma, 4 ordu eta 12 minutuko lasterkaldiaren ondotik. Sprintean nagusitu zitzaion Leire Fernandez, 16 urteko gazte errenteriarrari.
 
LASTERKETA BEREZIA
«Berezia izan da, lehen aldiz emakumeak bakarrik aritu gara korrika eta ezin nuen hutsik egin»

Maite MAIORA
800 Dukadoko irabazlea
 
Maratoi Erdiari dagokionez, 105 korrikalarien artean Melissa Gali valentziarra nagusitu zen, 2 ordu eta 10 minutu deborarekin, Dubes Claire frantziarraren (2:12:51) eta Zaldibiko Laida ­Elizegiren (2:18:46) ai­tzinetik.
 
168 metroko desnibela zuen sei kilome­troko ibilbide herrikoian, ehun emakume baino gehiagoren artean, Pasaiako Inma Cruz nagusitu zen (31:08), Gasteizko Arrate Albaina (31:19) eta Uharteko Henar Etxe­berriaren aitzinetik (31:29).
 
21 kilometroko oinezko martxan ere 127 kirolarik hartu zuten parte eta 800 metroko hau­rren lasterketan 140 neska-mutikok.
 
ARRAKASTA HAUNDIA
Bere lehenengo edizioan 800 dukadok parte hartzaile kopuru ezin hobea lortu du. Lasterketa zeharka­tzen dituen herrien biztanleen konpromezua eta laguntza handia izan da antola­kun­­tzan. Gainera, ba­bes­­le gisara,  bereziki aktibo izan dira ondoren­goak: Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga eta Narbarteko Udalak, Nafa­rroako Gobernua, Lorpen, Elgorriagako Bainuetxea, Cederna-Garalur, Caja Rural, Ternua, Sunbite, eta Nafa­rroako Fisioterapeuten Eskola Ofiziala .Lasterketak lehen urratsa eman du bere helburua lortzeko: emakumeen trail-ean erre­ferente izatea. 
 
 
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun