Urguri auzoan barna pasatzen den herriko saihesbidea udazken huntan idekiko da osoki, Utsaleako zubiko itzulbidetik Ama birjinaren itzulbideraino. Artzirin alderat doan lehen partea duela zonbait hilabete zabaldu zen karrikako harat hunaten kopurua apaltzeko. Orain bigarren partearen aldi izanen da aski laster zubiak eta behar diren azpiegitura guziak kasik prest baitira. Pirinio Atlantikoetako departamenduko Kontseilu Nagusiak egiten dituen lan hauek 8 milioi euro gosta dira. 2015eko udaberrian Herriko Etxeak lerro bakarrean ezarriko du karrika nagusia abiada apaltzeko eta espaloiak zabaltzeko; eta bide batez horko saltegien inguruan giro berria pizteko.
LANAK A63 AUTOBIDEAN
Hiru urteko lanak hasi dituzte berriki Lapurdi zeharkatzen duen A63 autobidean, Biriatu eta Miarritze artean. 22 kilometroko tartean hirugarren erreia eraikiko dute bi norabideetan. Dena den, hautetsiak ez dira akort eman Donibane Lohizuneko hegoaldeko ordainlekua kentzeko eta urririk litzateken saihesbidea egiteko Donibane Lohizuneko ipar eta hegoaldeko irteeren artean. Bertzalde, aukera galdu da ere irteera berria egiteko Urdazuri alderat zuzenean joateko Donibaneko erdialdetik pasa gabe.