Irailaren 19an bukatuko da ikastaroetan izen emateko epea

Fernando ETXEBERRIA 2014ko irailaren 18a

Arantzazuko Amabirjinaren bederatziurreneko lehen eguneko mezan izan ziren Arkupeak elkarteko bazkideak. Fernando ETXEBERRIA

230 bazkide izan ziren Arantzazu eta Loiolako bidaian

Boletin berezian bildua ageri denez, ikastaro ezberdinetan izen emateko epea irailaren 19an bukatuko da. Parte­-hartze handia espero da, ikastaro aukera zabala izateaz gain, interes handikoak direlako. Gainera, horietako ba­tzuk (informatikakoa, Aktiba zaitez eta Irriba­rre batekin erna­tzea) guztiz doan eskainiko dituzte. Hau idazterako orduan, irailaren 9an, 110 bazkidek emana zuten izena.

ARANTZAZU ETA LOIOLARA BIDAIA

Azken urteetako ohiturari eutsiz eta Aran­tzazuko Amabirjinaren bederatziurrenaren lehen egunarekin bat eginez, Arantzazu eta Loio­lara bidaia egin zuten Arkupeak elkarteko 230 bazkidek abuztuaren 31n. Aurten, gainera, igandearekin suertatu zenez, beste bisitari ugarirekin bat egin zuten Arkupeak elkartekoek. Aitortza komunitarioarekin hasi zen eta hori jendearen gustokoa da, apezari pekatuak eta penak aitortu ordez, apezek eskuak jartzen baitizkiete buruan aitortzaileei. Eguerdiko meza seriotasun handikoa izan zen, 20 apez baino gehiagok eta ehunka sinesdunek hartu baitzuen parte.

Ondotik, Azpeitiko Kiruri jatetxeko bazkaria bikaina izan zen, baita  Jose Angelekin egindako dantzaldia ere. Ba­tzuk, San Inazioren basilika bisitatzeko aprobetxatu zuten, jatetxetik gertu baitago.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun