Entitate publiko eta pribatuek elkarlanean, Nafarroako Mendialdearen azterketa bat egin, premiak identifikatu eta etorkizuneko lan ildoak zehaztu dituzte. Baztan-Bidasoa eta Mendialdeko lan taldeetan jasotako datuek agerian utzi dute giza eta natur baliabideen ustiapen egokia egin eta lurralde kohesioa indartzeko premia dagoela.
Nafarroako Mendialdeari bultzada emateko asmoz, elkarlanean eta parte-hartzean oinarritzen den lan metodo berria bultzatu du Cederna-Garalur Nafarroako Mendialdeko garapen elkarteak. Lanin-G izena eman diote, lan eginez lortuko delako landa eremura berrikuntza, sormena eta etorkizuneko lanpostuak erakartzea.
Eskualdeko eragileek ere parte hartu dute bertan, Baztan-Bidasoa eta Mendialdean osatutako lantaldeen bidez. Gobernantza parte-hartzailea hartu dute oinarri, lantalde irekiak osatu eta elkarlanean aritu dira. Arlo pribatua eta publikoa; norbanakoak, elkarteak, enpresak, mankomunitateak... hartu-emanean jarri dituzte. Batzuen eta bertzeen ikuspegiak jasota errealitatea ahalik eta hobekien ezagutzea baita asmoa.
Lanin-G lan metodoaren lau faseak osatu ondotik, zonalde bakoitzeko lehentasunak jasota daude. Bakoitzak bere eskualdeko premia zehatzak dituen arren, denek bat egin dute aipatzean, eskura ditugun giza-baliabideei, baliabide materialei eta naturak eskaintzen dizkigun altxorrei duten balioa ematen ikasi behar dugula .
Gainera, Nafarroako Mendialde osoan Natur Guneetako turismoa eta mikologia garatu nahi dituztenez, arlo horietarako mahai sektorial bana osatu dute eta lanean dihardute dagoneko, gaiaren in-guruko bilerak eginaz.
SEGIDA DUEN LANGINTZA
Nafarroako Gobernuak eta Europako Batasunak finantzatu dute egitasmoa LGD Nafarroako Mendialdea 2007-2013 programaren bitartez (LEADER ardatza) eta 48.000 euroko aurrekontua du. 2013an hasi ziren lanean eta urte amaierarako 16 bilera eginak zituzten, 187 parte hartzailerekin. Lan metodoaren azken fasean daude, baina aipatu digutenez ez du amaierarik «helburua lan dinamika parte-hartzailearekin segitzea baita».
LAN METODOA: LAU FASETAN
• Eremu estrategikoak zehaztu eta esparru desberdinetako ordezkariak bilatu: Lan taldeak osatu.
• Iritziak bildu: Eskualdeko diagnosia egiteko.
• Lan ildo eta estrategiak proposatu.
• Akzio zehatzak planteatu lehentasunetan oinarrituta
Nahikari URIARTE | LEITZARAN-LARRAUN-ULTZAMAKO GARAPEN AGENTEA
«Lokalistak izateari utzi eta eskualde mailako proiektuak landuta indar sozial eta politiko handiagoa lortu liteke»
Mendialdea izenaren azpian biltzen dira 55 herri, 11 udaletan bilduta, tartean Arano, Goizueta, Areso eta Leitza. 2013ko urrian hasi ziren Lanin-G egitasmoan parte hartzen eta Nahikari Uriartek azaldu digunez, lurralde kohesioa indartzeko premia utzi du agerian «oraindik mentalitate lokalista dugu, eskualdekoa izan beharrean, hori da gure ahulgune nagusia. Hori lantzeko ekintza desberdin askotaz hitz egin genuen: Mankomunitate eta elkarte desberdinen elkarlana bultzatzea, Mendialdea Mankomunitatea adibidez, herri gehiagoz osatzea eta konpetentziak gehitzea; garraio publikoa indartzea; komunikabide amankomunak lortzea eta plangintza urbanistiko bateratuak prestatzea».
Mendialdeak duen indargune nagusia «nolabaiteko oreka sozioekonomikoa duela da». Izan ere, «Mendialdean hiru sektoreak presentzia dute, abeltzainak, gehien bat esnekiak landuz, industria indartsua ere badago eta zerbitzuak ere badu bere tartea, turismoak adibidez azken hamarkadan gorakada handia izan du».
Lanin-G metodoak zonaldean interes gehien pizten duten arloak zeintzuk diren jakiteko ere balio izan du «argi geratu zen eskualdeko garapena, enpresa eta ekintzaileak eta turismoa direla interes gehien pizten duten arloak».
Prozesuari segida emateko lan ildoak ere aukeratu dituzte eta ekintza bakoitzerako helburu konkretuak definitu». Udazkenean, ekintza bakoitzeko lan talde bat osatzeko asmoa dute. Bertan arlo publikoaren presentzia bermatua izanen da baina bestelako partehartzaileak ere ezinbestekoak direnez, gonbita luzatu die «prozesuan parte hartu nahi duen oro ongi etorria izanen da». Bilera orokorrak hiru hilabetetik behin egitea ere adostu zuten «lan taldean parte hartzeko konpromisoa hartu ezin duena bilera orokorretara etorri daiteke prozesuaren nondik norakoa ikusteko eta aportazioak egiteko».
LEHENTASUNAK MENDIALDEAN
• Lurralde kohesioa lantzea: Mentalitate lokalista dute oraindik, eskualdekoa izan beharrean, elkarlana bultzatzeko formulak bilatu behar dira.
• Energia eta enplegurako prestakuntza edo formakuntza eskaintzea, aukera berriak eskura izateko.
Izaskun ABRIL eta Arantxa ARREGI | BAZTAN ETA BIDASOAKO GARAPEN AGENTEAK
«Lehen sektorea indartu eta giza eta natur baliabideen ustiapen egokia egitea dira etorkizunerako gakoak»
Natur ingurune aberatsa dute Baztan, Bidasoa eta Malerrekak eta bertako ekonomia sustatzekotan, lurrari lotuta eman behar dira urratsak. Horixe izan da Baztan, Malerreka eta Bortzirietan Lanin-G egitasmoak agerian utzi duen errealitatea. Eskualdean prozesua egokitu eta sektoreka lan egitea adostu zuten. Hala, 2013ko udazkenaz geroztik lehenengo sektoreko eragileak izan dira Lanin-G lan metodoan murgildu direnak. Izaskun Abril eta Arantxa Arregi, Cederna-Garalurreko garapen agenteek azaldu digute lehen sektoreak iraun dezan «produktuak merkaturatzekoan balio erantsi handiagoa lortu behar dela». Horretarako beharrezkoa da parte hartzaileen ustez « kontsumitzaileek bertako produktuak erostea eta bitartekariak sahiestea».
Sentsibilizazio lan bat egitea ere premiazkotzat jo dute «nekazaritzaren eta mendiaren ustiaketaren onurak agerian utzi behar dira. Gizarteak jabetu behar du produktuak eskuratzeaz gain, ekoizleen lan baldintza duinak bermatu, ekonomia sustatu eta paisaia mantentzea ere lortzen dela».
Bide horretan, tokiko erakundeek paper garrantzitsua jokatzen dutela azaldu digute «baldintza egokiak eman behar dira lehen sektorea indartu eta etorkizunean eskualdeko garapenean dagokion pisua mantentzeko. Tokiko erakundeek lagundu behar dute beharrezko ekipamenduak mantenduz edota bultzatuz eta, aldi berean, eskualde osorako baliagarria izan daiteken proiekturen bat gauzatuz». Proposamen artean, «bertako produktuen kontsumoa sustatzeko, eskualde mailako marka bat sortzea» aipatu zuten.
Eskualdeko indargune nagusia ere agerian geratu da «eragile aktiboak ditugu arlo publiko eta pribatuan. Elkarrekin lan egiteko beharra ikusten dute eta ados daude
Cederna-Garalur elkarteak prozesu hau bideratu ahal duela elkarlana bultzatuz».
LEHENTASUNAK BAZTAN-BIDASOAN
• Bertan ekoiztu eta bertan kontsumitzea bultzatzea, sentsibilizazio lan bat premiazkoa da.
• Lehen sektorearekin zerikusia duen formakuntza eskaintza zabatzea.
• Instalazio eta proiektu amankomunak bultzatzea.