Bakoitza bere erritmoan eta helburuekin, baina gero eta gehiago dira mendian lasterka probatu, gustatu eta afizio horri heltzen diotenak. Zaletasun hori duten eskualdeko bortz mendiko lasterkarirengana jo du TTIPI-TTAPAk eta euren esperientziak kontatzeko eskatu diegu.
Mendian gora eta behera, hankak minberatuta eta izterrak gogor, baina gorputzari tira. Eta horrela kilometro aunitzez. Bukaeran, ordea, sufrimendu eta oinaze guztiak arinduta, gozamena nagusi. Horixe dute mendi lasterketek.
Emakumezko zein gizonezko, gazte zein heldu, gero eta gehiago dira mendi lasterketetan dabiltzanak. Eta eskualdean ere ugaritzen ari dira kirol modalitate honetan ari direnak. Onenen artean lehiatzen dabiltza batzuk, eta maila apalagoan baina badabiltza bertzeak. Mendi lasterketa taldeak ere badira, Berako Manttale, adibidez. Eta mendi lasterketa probak ere zabaltzen ari dira: Berako Maratoi Erdia, Santa Barbarara igoera eta gau lasterketa, Leitzako Euskal Herria Mendia Erronka, Senpere trail, Sarako kontrabandisten lasterketa eta korrika trail, Urdazubiko kontrabandisten lasterketa, Goizuetako mendi lasterketa, Sunbillan hasi eta akitu den emakumeen munduko maratoia...
Gaiaren harira, ezin aipatu gabe utzi Fernando Etxegarai beratarra, maisu haundia eta txapel aunitz lortutakoa. Eta gisa berean maite dute mendia Pantxika Gaikotxea (Sara), Unai Plaza (Elizondo), Dani Narbarte (Goizueta) eta Joseba Elizagoienek (Narbarte). Norbere erritmoa eta helburuak ditu bakoitzak, baina gozatzeko egiten dute guztiek mendian lasterka.
Fernando ETXEGARAI | BERA | 42 URTE
«Gustura nabilen bitartean segitu nahi dut, ahalik eta hobekien egiten eta gozatzen saiatuz»
Nork erranen zuen Larungo maldetan etxeko ardi, behor eta ahuntzen gibeletik ibiltzen zen mutiko hura, urte batzuen buruan punta-puntako mendiko lasterkari onenetarikoa bihurtuko zela? Bada horixe izan zen Fernandoren kasua. Onartu digunez, «mendian beti ibili naiz gustura», baina inguruan mendi lasterketak egiten zirela ikusita piztu zitzaion parte hartzeko harra. Probatu eta gustatu. Duela hamabortz bat urte hasi zen mendi lasterketetan, eta urte horietan lortutako palmaresa bikaina izan da. Garaipen zerrenda amaigabea du, etxean zein kanpoan lortutakoak, eta «garaipen bakoitza bere momentuan berezia» izan omen da. Halere, 22 urterekin irabazi zuen lehenbiziko lasterketa hura ere gogoan du.
Goi mailako lehian daramatzan urte hauetan egin duenarekin kontent dagoela aitortu digu, «hagitz balantze ona eginen nuke». Ez da guttiagorako. Baina horrekin batera, bidean egin dituen lagunak eta ezagutu dituen tokiak ere ez ditu alde batera utzi. Lesioek ere lagundu diotela dio: «zortea izan dut. Urte aunitzez ibili naiz eta lesio gutti izandu ditut. Azken bi urteotan gehiago izandu ditut, eta adinarekin errekuperazioa ere ez da berdina izaten».
Joan den urtera arte Euskal Selekzioan ibili zen. Aurten, ordea, bere gisara dabil lasterka: «betitik izan naiz nire airera ibiltzen dena». Selekzioan zebilela entrenamenduak segitzen omen zituen, baina orain bere erara moldatzen da eta gimnasiora joateko ohiturarik ere ez duela erran digu. Hala, duen denboraren arabera saio bat edo bertze egiten du: «astean bozpasei egunez ibiltzen naiz. Denbora gutti baldin badut eta ilundua badago, futbol-zelaira joaten naiz. Denbora gehixeago baldin badut mendian buelta bat ematen dut». Bere egun arrunt bat nolakoa den ere kontatu digu: «goizean lanera joan, gero bazkaldu, haurrekin egon edo etxean egin behar dena egin, eta ilunabar aldera, posible bada lasterka ibiltzera atera». Eguna ongi hornitua izaten du eta ez du denbora sobrante aunitzik izanen, hiru seme-alaben aita ere badelako eta emazteak eta biak etxetik kanpo lan egiten dutelako. Halere, gustuko tokian aldaparik ez, eta «ahal den bezala moldatzen garela» adierazi digu. Alferkeria alde batera utzita ateratzen da hainbertze maite duen kirol hau egitera, beretzat mendia «bizia» delako. Eta aitzinera begira bere asmoa «gustura nabilen bitartean segitzea» da, orain arte bezala, «ahalik eta hobekin egiten eta gozatzen saiatuz».
LABURREAN
• Lasterketarik ederrena: Zegama-Aizkorri.
• Lasterketarik gogorrena: Italiako Grigne du Monde.
• Txoko kuttuna: Larungo maldak.
• Lasterketa aitzinetik maniarik? Ez.
• Oinetakoak: Lasterkaren arabera. Lasterketa azkarra bada arinak eta mendian bada takoekin, baina markari begiratu gabe.
Joseba ELIZAGOIEN | NARBARTE | 28 URTE
«Burugogorra izan eta sufritzen jakin behar da, akitzean izaten den pozak aunitz balio baitu»
Probatu eta gustatu. Halaxe izan zen Josebak mendi lasterketetan egindako hasiera. Kontatu digunez, «beti ibili izan naiz lasterka. Errepideko lasterketa motzetan parte hartzen nuen». Urte hasieran, ordea, mendian hasi zen, eta geroztik «ez dut asfaltoa ukitzen», dio. «Hagitz gustura» dagoela erran digu eta zalantzarik gabe aitortu digu: «asfaltoa baino nahiago dut mendia».
Mendi lasterketa du afizio, baina ez ofizio. Goizez eta arratsaldez egiten du lan eta etxetik 07:00etan atera eta 18:00etan ateratzen da lanetik. «Ahal den bezala» moldatzen da lasterka ibiltzeko: «batzuetan astia harrapatzea zaila da, baina ahal denetan joaten naiz». Astetartez hiru egunez 12 bat kilometro egiten omen ditu, eta asteburuetan 25 bat kilometro. Igandeak, berriz, eguraldi ona bada, neska-lagunarekin mendira oinez joateko aprobetxatzen ditu. Gimnasiora, ordea, gutti: «denboraldi hasieran muskulatura lantzeko joan nintzen, baina gero utzi nuen. Erabat kanpoan aritzen naiz». Bestazalea izana da, eta oraindik ere bada pixka bat, baina kirolaren aldeko apustua egina duenez, «aurten besta gutti egin dut. Lasterketetan ibili nahi bada zaila da besta eta kirola elkartzea». Onartu digu, «pixka bat faltan botatzen duela» eta aurtengo denboraldia akitutzat emanda, ez du «lagunekin besta egiteko» aukera galdu izanen. Baina besta baino gehiago da mendia beretzat: «gozatzeko modua da. Nire kirola aurkitu dudala uste dut». Eta ez du uzteko asmorik, «alditik aldera hobetzen segitu nahi dut». Horrela, bere ametsa noizbait Zegama-Aizkorri egitea omen da. Eta dioenez, bere «burugogorkeria» du horretan laguntzeko: «nekatua egonda ere, ez da pentsatu behar gaizki zaudela. Burugogorra izan behar da, burua deskonektatu eta aitzinera segi, sufritzen jakin behar da. Momentu txarren ondotik, beti etortzen dira onak eta akitzean izaten den pozak aunitz balio du».
LABURREAN
• Lasterketarik ederrena: Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketa.
• Lasterketarik gogorrena: Euskal Herria Mendi Erronka.
• Txoko kuttuna: Berako Maratoi Erdia.
• Lasterketa aitzinetik maniarik? Beti gosari berdina, aitzineko egunetik dena prest izatea, lasterketaren arabera motxila eta oinetakoak garbi edukitzea...
• Oinetakoak: Salomon marka normalean eta orain Sportiva markakoak erabiltzen hasi omen da.
Unai PLAZA | ELIZONDO | 26 URTE
«Mendia libre sentitzeko toki bat da, eta aunitzetan egiten nau zoriontsu»
«Mendia libre sentitzeko toki bat da, egun guztiko haserreak botatzeko lekua... Aunitzetan zoriontsu egiten nau». Miresmen osoz mintzatu zaigu Unai mendiaz. Agerikoa da aunitz maite duela, eta horrek erakarrita hasi zen duela bi urte inguru mendi lasterketetan lehiatzen. Lasterka, ordea, lehenagotik ere ibiltzen omen zen, mendiak «aunitz erakarri eta betetzen» duelako.
Goiz eta arratsaldez aritzen da lanean, eta aitortu digunez, «ez da erraza» lana eta kirola uztartzea. Halere, «neurria hartzen diozu» eta lanaren arabera antolatzen ditu entrenamenduak: «lan aunitz badugu buelta motza ematen dut zakurrekin edo bizikletan. Negu aldera saio luzeagoak egiteko aprobetxatzen dut». Aitzinetik «deus antolatu» gabe aritzen omen da, «egunaren arabera, mendia edo errepidea, bertzela mendiko bizikleta edo errepidekoa. Ez naiz aise aspertzen». Gimnasioa, aldiz, ez omen du «batere gustuko», eta «gutti» joaten dela erran digu: «neguan zerbait, lanetik ateratzean iluna dagoelako».
Gaztea izanagatik ez omen da «batere bestazalea, urtean besta kontatuak egiten ditut. Baina ez zaintzeagatik, asteburua ongi aprobetxatu nahiago dudalako baizik». Hau da, kirola egin. Halere, ez da mendian lasterka ibiltzera mugatzen. Aurten «denetarik» egin duela dio: «mendi bizikleta probak, duatloiak, mendi duatloi bat gauez, mendi lasterketa motzak eta luzeak...». Eta irailean berriz ere, mendi duatloiak egiteko asmotan da eta urtea akitu artean ere proba gehiago egin nahi ditu.
Etorkizunera begira, «helburu zehatzik gabe» kirola egiten segituko du: «ez zaizkit epe luzera egindako planak gustatzen. Baina helburu nagusietako bat gustatzen zaidana luzaroan egiten jarraitzea da eta ahal bada lesiorik gabe». Bistakoa da ez zela geldirik egoteko jaio, eta halaxe segituko du, onartu baitigu nekatua egonda ere, «beti dagoela zerbait motibatzeko».
LABURREAN
• Lasterketarik ederrena: Euskal Herria Mendi Erronka.
• Lasterketarik gogorrena: Euskal Herria Mendi Erronka.
• Txoko kuttuna: Lekarozko edozein txoko, bainerak, Bagordi edo Aritzakun, Itsusiko haitzak...
• Lasterketa aitzinetik maniarik? Giharrak berotzeko krema erabiltzea.
• Oinetakoak: Egin behar duenaren arabera bat edo bertze. Baina Sportiva marka bereziki gustuko du.
Dani NARBARTE | GOIZUETA | 36 URTE
«Entrenatzera noala pentsatu gabe ateratzen naiz mendira lasterka ibiltzera»
Musika du ofizio eta mendia afizio. Ez, ordea, aspalditik. «Lasterka orain bizpahiru urte hasi nintzen. Mendirako afizio gutxi nuen. Eskiatzera joatea ere kosta zitzaidan, baina behin joandakoan engantxatu egin nintzen. Hortik afizionatu nintzen mendira, bai oinez eta bai lasterka ere». Laiotz taldeko musikaria izateaz gain, Lekunberriko Musika Eskolan egiten du lan, eta lana arratsaldez egiten duenez, goizak aprobetxatzen ditu mendian lasterka ibiltzeko: «astean bizpahiru buelta egiten baditut, kontentu». Eta ahal bada toki berean ez: «aldatzea gustatzen zait. Hernani inguruan banabil Adarrara, Goizuetatik Artikutza aldera...». Eta entrenamendurik jarraitu gabe: «entrenatzera noala pentsatu gabe ateratzen naiz mendira. Ez dut sekula eraman entrenamendurik eta ez nintzateke gai izanen ere». Ez dela «batere gimnasiozalea» gaineratu digu: «etxeko spinningeko bizikletan tarteka ibiltzen naiz, baina posible dudan guztietan kanpora joaten naiz».
«Sufritzeko gaitasuna» ere aipatu digu: «entrenatzen dudanarekin egiten dudana nahiko gogorra da. Batzuek entrenatzeko gaitasuna dute, eta nik entrenatu gabe lasterketa egitekoa. Ez dut sekula pentsatu ezer seriorik egitea». Gozatzea delako bere helburua, mendian aurkitzen baitu «lasaitasuna, askatasuna, bakea... Tarteka oxigenatzeko behar dena». Lasterketetan, denborari begiratu gabe bukatzea izaten du xede eta elikadurari ere ez omen dio askorik begiratzen: «gutxi zaintzen naiz. Eskerrak pastazalea naizen». Onartu digu «bizio guztiak» gustuko dituela eta gainera, «ez dut uzteko asmorik». Festa da bere beste zaletasuna: «musikaria izanda nahitaezkoa. Lanean ere erdi parrandan gaude eta udan erromeriaz erromeria, entrenamendu guztia izorratzen dut», dio umoretsu. Baina bietara moldatzen da eta horrela nahi du. 2015era begira, Leitzako Mendi Erronka egin ala ez du buruan. Festa bai, baina kirola ere bai. Dena gozatzeko.
LABURREAN
• Lasterketarik ederrena: Goizuetako Mendi Lasterketa.
• Lasterketarik gogorrena: Hondarribikoa.
• Txoko kuttuna: Goizuetako edozein txoko.
• Lasterketa aitzinetik maniarik? Ez.
• Oinetakoak: Momentuan momentukoak erabiltzen omen ditu, aldiro desberdinak. Ez omen du marka berezirik erabiltzen.
Pantxika GAIKOTXEA | SARA | 32 URTE
«Sarara ailegatzean mendira hasi nintzen, zailak diren patarrak ez nituelako sekula egin»
Bi neska ttikiren ama eta Donibane Lohizuneko ospitalean erizaina. Horixe dugu azken zortzi urteotan Saran bizi den Pantxika. Asti librea duenean, ordea, korrika ibiltzea maite du. Ttipitatik kirola egin duela kontatu digu: «dantza, eskubaloia eta atletismoa egiten nuen». Handitzean, berriz, lagunekin korrika egiten hasi zen eta «Sarara ailegatzean mendira joaten hasi nintzen. Biziki zaila diren patarrak ez nituelako sekula egin».
Egunak harat honatean pasatzen ditu: «05:30ean azartzen naiz 06:30ean lanean izateko, eta 14:30ean bukatzen dut. 03:00etan Senpereko haurtzaindegian izan behar naiz alaba gazteena hartzeko. Etxera sartu eta 16:00etan ikastolara joaten naiz alaba zaharrenaren bilat. Gero, parkera joaten gara, jostatu, krakada egin eta etxera sartzen gira. Bizilaguna 18:00 aldean sartzen da eta 18:30ean entrenamendura joaten naiz». Oro har, «bizilagunak ttikiak atxikitzen dituenean edo ikastolan eta haurtzaindegian direlarik joaten naiz kirola egitera». Aitortu digu, «maiz nekatua» sentitzen dela, baina «beti sartzen naiz kontent». Etxera bueltan, «azken muxua ttipiei, jan eta lo». Astean hiru aldiz entrenatzen du eta horietako bat Sara Korrika taldearekin egiten du. Gainerakoak bakarrik, Sarako mendietara. Biziki gustura sentitzen da: «iluntzean Larrun gainean naizelarik, bakarrik, libre sentitzen naiz. Mendi artean bizitzea izugarrizko santza da. Mendiko usaina eta aire sanoa maite ditut».
Aurten lasterketa «gutti» egin omen ditu, baina alaba ttikiak bederatzi hilabete dituela kontuan hartuz, «balantze aski positiboa» egin du: «ene haurdunaldia eta gero ez nuelako uste hain fite berreskuratuko nuenik». Egindako lasterketak «beti ongi» bukatu dituela dio eta «plazer handia hartzen ari naiz entrenamenduetan». Familia, lana eta kirola bateragarriak direnaren adibide garbia dugu Pantxika eta horrela segitu nahi du. Gainera, adierazi digunez, «ez dut sekula amore emaiten».
LABURREAN
• Lasterketarik ederrena: Euskal Trail, Mayi lagunarekin egina.
• Lasterketarik gogorrena: Hiru kasko, Mayirekin egina.
• Txoko kuttuna: Olhain mendia, gaueko 8etan.
• Lasterketa aitzinetik maniarik? Ez.
• Oinetakoak: Urteak omen daramatza oinetako berak erosten: Asics Trabucco etxekoak.