.jpg)
Aurten ere artzain amerikanoen besta antolatu du Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak eta oraingoan Bardeetan izanen da irailaren 18an. Aitzakia horrekin, artaldeen sarrera ikustera joan behar dute, «gure artzainek egiten zuten transhumantziarekin zerikusi haundia duela pentsatzen dugulako, eta oroitzapen franko ekarriko dielako», dio Laura Igantzi, elkarteko presidenteak.
Gainera, Kongozanteen lehendakariak, sarrerako tiroa egitea eskeini die Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari, eta elkarteko bazkidea den Jose Aguasek botako du hasierako tiro hori. Petilla de Aragonen sortutako 80 urteko gizon hau, bizi guztia abeltzaina izan da. Ameriketan 7 urte egon baino lehen ere, Aezkoa aldean artzain ibili zen, eta Ameriketatik itzultzerakoan Unzue herrian bere ardiekin segitu du. Gaur egun ere, 1000 ardi ditu berekin, eta urtero joan izan ohi da sarrera ikustera, eta ilusio berezia egin dio sarrerako tiroa egitea.
Bortz autobus Baztan, Malerreka eta Bortzirietatik
Baztan-Bidasoaldeko artzainak eta senideak eramanen dituen bortz autobus aterako dira.
Baztan aldean lehenbizikoa, 05:00etan aterako da Urdazubitik eta Arizkungo Ordokin hartuko du jendea 05:15ean. Ordokitik bigarren autobus bat ere aterako da, lehenbizikoan sartzen ez direnak hartu eta Elizondon 05:30ean eta Iruritan 05:40ean jendea hartuko duena. Telefonoz abisatuak izanen diren bertze baztandar batzuk Oronozen esperatu beharko diote Lesakatik abiatuko den autobusari.
Malerrekan, 05:00etan abiatuko da autobusa Zubietatik eta 05:20ean Donezteben eta 05:30ean Legasan hartuko du jendea.
Bortzirietan, Lesakatik 05:00etan aterako da autobusa, 05:10ean Etxalarko Bentan hartuko du Etxalar eta Igantziko jendea eta 05:30ean Oronozen daudenak. Bertze autobusa 05:00etan abiatuko da Behobiatik eta 05:15ean Beran eta 05:30ean Sunbillan hartuko du jendea.
Irailaren 18ko programa
08:00etan: Sarrerako tiroa.
08:00etatik-10:00 arte: artaldeak ikusten dituzten bitartean gosalduko dute.
10:00etan: artzain monumentoaren ondoan argazkia aterako dute.
11:00etan: Bankako Menditarrak lagunduta, Olibako Monastegian meza izanen dute (mezara joan nahi ez duenarentzat Ferialera joateko aukera emanen diote).
13:30ean: Cadreitako Marisol jatetxean bazkaria, sarrera higballarekin.