Urriaren 26an Beasainen jokatuko den Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketaren finalean ez da eskualdeko ordezkaririk izanen. Larunbatean Aian jokatutako kanporaketan banatu zituzten azken saio horretan lehiatzeko sei txartelak eta Ander Erasun aurtiztarra zazpigarren izan zen, Jon Rekondo leitzarra bederatzigarren eta Ruben Saralegi hamargarren. Ez dira finalean izanen.
Hameka aizkolari lehiatu ziren Aian. Finalean izanen duten lanaren erdia izan zuten: bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztea. Aitzol Atutxa bizkaitarra izan zen bizkorrena (18:32), Floren Nazabal bigarren (19:38), Unai Otaño hirugarren (20:06), Joxemari Olasagasti laugarren (20:11), Iñaki Azurmendi bosgarren (20:23) eta Joseba Otaegi seigarren (20:43). Seiak izanen dira finalean.
Finaletik kanpo gelditu ziren Ander Erasun (21:07), Irazu (21:17), Jon Rekondo (22:05), Ruben Saralegi (22:13) eta Mujika (24:34). Beraz, Jexuxmari Mujikak galdu du maila. Saralegi izan zen azken aurrekoa eta Lopezek ezin izan zuen parte hartu, eri zegoelako eta bi horiek mailari eusteko kanporaketa jokatu beharko dute.