Oiz nagusitu zaio Arraioz Gazteen laxoa txapelketako finalean

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 15a

Txapeldunak eta azpitxapeldunak, Alberto San Miguel Oizko alkatearekin eta Joxe Joakin Ziganda laxoa jokalari historikoarekin. Utzitako argazkia

Bi orduko partidaren ondotik, 9-8 nagusitu ziren etxekoak

Baztan-Errekako laxoa txapelketako finala Oizen jokatu zuten irailaren 13an Oiz A eta Arraioz A taldeek. Erdifinaletako bi kanporaketak parekatuak, emozioz betetakoak eta onak izan baldin baziren, finala txapelketako partidarik hoberena izan zen: bi ordu pasa iraun zuen, plazan sekulako giroa, joko maila oso ona eta emozioa gainezka. Azkenean, etxekoak 9-8 nagusitu ziren.

Oizko taldean Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Zorion Zelaieta eta Jon Oiartzabal aritu ziren. Arraiozkoan, Eki Etxandi, Josu Etxandi, Urki Etxandi eta Mikel Organbide.

Nahiz eta partida osoan oiztarrak markagailuan aintzinean ibili (3-0, 3-1, 4-1, 4-3, 6-3, 6-5, 7-5, 7-7, 8-7, 8-8), arraioztarrek partida irabazteko aukera ezin hobea izan zuten, azken jokoan 30-0 jarri zirenean.

Txapelak eta sariak Oizko alkatea den Alberto San Miguel eta aurtengo Laxoaren Egunean omenaldia hartu zuen Joxe Joakin Ziganda herriko jokalari historikoak banatu zituzten. Gero, txapelketan parte hartu duten jokalari guztiak herriko Elkartean merendu-afari bat egiteko bildu ziren.

Txapelketa uztailean hasi zen eta astero bi jardunaldi jokatu dira (jardunaldi bakoitzan lau partida). Laxoaren etorkizuna baikorra dela ematen du.

SAILKAPENA

1. Oiz A

2. Arraioz A

3. Doneztebe A

4. Doneztebe B

5. Irurita

6. Doneztebe C

7. Oiz B

8. Arraioz B

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun