Ginekologia zerbitzua Oronozen jartzea eskatuko dute Baztan-Bidasoaldeko udalek

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 10a

Uztailaren 4ko uholdeek gogorki kaltetu zuten Elizondokoa eta Burlatara joaten dira orain erabiltzaileak

Elizondoko Osasun Zentroan zegoen emakumeen arreta zentroa gogorki kaltetu zuen uztailaren 4ko uholdeak. Ordutik honat ez dute bertan lanik egiten eta eskualdeko erabiltzaile guztiek Burlatara joan behar dute, haurdunaldirako, errebisioetarako edo bertze patologiak zaintzeko behar duten mediku arreta jasotzera. Baztan-Bidasoaldeko udal ordezkariek zenbait bilera egin dituzte abuztuan eta ginekologia zerbitzu hori Nafarroako Gobernuak Oronozen dituen eraikinetako batean ematea eskatuko diote Osasun Kontseilariari.

Aldaketa hori lehenbailehen egitea ere eskatuko dute udal ordezkariek eta horretarako bilera batera deituko dute abudo Marta Vera Osasun kontseilaria. Garbiñe Elizegi Baztango alkateak aipatu digunez, «lehen zegoen tokian ezin da berriz paratu zerbitzua, lurraren mailaren azpitik dagoelako eta berriz ere urpean gelditzeko arriskua duelako».

Abuztuaren 20an eta 29an egin zituzten bileretan, Baztan-Bidasoaldeko udal ordezkariek Oronoz toki egokia litzatekeela adostu zuten. Orain, eskaera horren berri emanen diote Nafarroako Gobernuari, lehenbailehen aldaketa egiteko. Bien bitartean, eskualdeko emakumeek Burlatan jasotzen ahal dute ginekologia zerbitzua, harat-honatek dakarten arriskuarekin eta denbora galtzearekin. «Zerbitzuaren murrizketa eragiten du horrek, emakume aunitz behar beharrezkoa dutenean bakarrik joaten direlako», aipatu digu Garbiñe Elizegik. Emagin zerbitzua berriz, Donezteben eskaintzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun