Udalbiltzarekin bat egin dute Sarako 23 hautetsik eta horren harira, ekitaldi instituzionala egin zuten astelehen goizean Sarako herriko plazan, Herriko Kontseiluak eta Udabiltzak antolatuta. Euskal Herri osoko udal hautetsien ordezkaritza zabal baten aitzinean, Battitt Laborde Sarako auzapezak adierazi zuen Udalbiltzarekin bat egin dutela «euskal herritarrak garelako, gure herriaren alde lan egin nahi dugulako, euskara eta gure kultura azkartzeko eta sinisten dugulako Euskal Herriko gainerako lurraldeekin batera lan egitea ezinbertzekoa dela gure herriek aitzinera egin dezaten».
Labordek azaldu zuenez, Udalbiltza «baitaezpadako» tresna da Euskal Herri osoaren garapena orekatua izan dadin: «aberastasun iturri aski dugu, baina desberdintasunak handiak dira eskualde batetik bertzera, gutitu behar ditugun desberdintasunak». Saratarraren arabera, «argi dugu egun indarra duen administrazio sareak ez diela erantzunik ematen gure gutieneko beharrei, ez baitugu gaitasunik ez gure lurraldea antolatzeko, ez gure ondare material edo inmateriala kudeatzeko». Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoko gero eta hautetsi gehiagok Hego Euskal Herriari behatzen dietela ere gaineratu zuen atzoko aurkezpenean, «konponbide eta etorkizun xerkan. Eta Udabiltza munta haundiko eragile da herri honetan sinergia berriak sortzeko prozesuan». Udabiltzak Euskal Herriko auzapez eta hautetsi guztien lana behar duela ere azpiarratu zuen: «zenbat eta gehiago izan, hainbat eta indar handiagoa ukanen dugu, eraginkorragoa izanen da gure lana».
Ekitaldian Mertxe Aizpurua Udabiltzako lehendakaria ere solastu zen: «ukazioaren aitzinean euskal herritarrak garela ozen erran nahi dugu. Eta arazoen aurrean kohesioa eta lankidetza sustatzen jarraituko dugu».
Ekitaldian hainbat ordezkarik parte harte hartu zuten, eta tartean ziren eskualdeko batzuk. Sarako Herriko Kontseiluko hautetsiekin batera, Migel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Garbiñe Elizegi Baztango alkatea eta Maite Iturre Baztango hautetsia eta Udalbiltzako lehendakariordea.