Emakumeen Munduko Lehen Mendi Maratoia burutu zen irailaren 7an Sunbillan. Emakumeen artean kirola sustatzea zen probaren helburua eta horregatik maila desberdinetara egokitutako ibilbideak prestatu zituen Abiatu Kirol Klubak, probaren antolatzaileak. Maratoian, 44 partehartzaileen artean Maita Maiora gipuzkoarra nagusitu zen, 42 kilometro luze eta 2.420 metroko desnibela zuen ibilbidea, 3 ordu eta 52 minututan osatu ondotik. Kantabriako Azara García de los Salmones izan zen bigarren bortz minutara eta Laura Sola nafarrak osatu zuen podiuma, 4 ordu eta 12 minutuko lasterkaldiaren ondotik. Sprintean nagusitu zitzaion Leire Fernandez, 16 urteko gazte errenteriarrari. Ikusi argazkiak
Maratoi Erdiari dagokionez, 105 korrikalarien artean Melissa Gali valentziarra nagusitu zen, 2 ordu eta 10 minutu deborarekin, Dubes Claire frantziarraren (2:12:51) eta Laida Elizegiren (2:18:46) aitzinetik.
168 metroko desnibela zuen sei kilometroko ibilbide herrikoian, ehun emakume baino gehiagoren artean, Pasaiako Inma Cruz nagusitu zen (31:08), Gasteizko Arrate Albaina (31:19) eta Henar Etxeberria nafarraren aitzinetik (31:29).
21 kilometroko oinezko martxan ere 127 kirolarik hartu zuten parte. 800 metroko haurren lasterketan ere 140 neska-mutikok hartu zuten parte.