Emakumeen Nazioarteko Lehen Mendi Maratoia Sunbillan hasi eta akituko da igandean, irailaren 7an. Tartean, Mendaur, Suspiro, Ekaitza eta Mendieder mendiak zeharkatu beharko dituzte.
Emakume kirola sustatzea da probaren helburua eta horregatik maila desberdinetara egokitutako ibilbideak prestatu ditu Abiatu Kirol Kluba, probaren antolatzaileak: goi mailako kirolariei zuzendutako maratoia izanen da luzeena, 42 kilometroko luzerarekin. Mendi lasterketetan trebatuta daudenek, maratoi erdia dute aukeran, 21 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute hauek. 6 kilometroko ibilbide herrikoia, hasi berrientzat eta 800 metroko haurren lasterketa ere prestatu dituzte. Probetan soilik emakumeek har dezakete parte, baina haur lasterketan mutikoek ere parte hartzeko aukera izanen dute. Korrika baino oinez ibiltzea nahigo dutenek berriz, 21 kilometroko Nordic Walking martxa egin dezakete.
Maratoia Sunbillako zubian hasi eta bukatuko da. Maratoi erdiko parte hartzaileak berriz, Elgorriagako bainuetxetik abiatuko dira. Baina, bi probetako lasterkariek bat egin eta azken 21 kilometroak elkarrekin egingo dituzte. Zubian izanen da helmuga eta lasterketa herrikoian eta haur lasterketan parte hartu dutenekin batera ospatuko dute guztiek egindako balentria.
PARTE-HARTZE ZABALA
Estreinako edizio honek piztu duen interesa ikusita, gustura agertu dira antolatzaileak. Azaldu digutenez, «izen-emate epea amaitu baino egun gutxi batzuk lehenago 35 pertsona inguruk emana dute izena maratoian, 75 inguruk maratoi erdian, 80 inguruk 6 kmkoan eta 60 inguruk mendi martxan». Gainera, azken honetan, kopurua dezente handitzea espero zuten oraindik. Kopuruaz gain, maratoiko parte hartzaileen maila ere azpimarratu dute «Estatuko top 10etik 7 inguru datoz: Ana Casares, Maite Mayora... eta euskal selekzioko ordezkariak ere izanen dira, Leire Fernandez besteak beste». Maratoi erdia antolatuta «parte hartzea bultzatu» nahi dutela erran digute eta lortu dute xedea, «beste lasterketetan baino dexente gehiago animatu direlako». Animo neskak!