Ramon Latasa zenaren omenez hamahirugarren urtez Sunbillan antolatutako aizkora sariketan Aitzol Atutxa bizkaitarra eta Ugaitz Mugertza gipuzkoarra nagusitu ziren abuztuaren 10ean.
Eusko Label txapelketan ere garaile suertatu diren irabazleek 26 minutu eta 23 segundo behar izan zituzten probako hamar kanaerdikoak eta 60 ontzako sei enborrak mozteko. Nahiz eta lehen enborrean boskoteko azkenak izan, poliki-poliki nagusitzen joan ziren eta azkenean, kasik bi minutuko aldea atera zieten bigarrenei.
Hain zuzen, bigarrenak Floren Nazabal eta Ander Erasun aurtiztarra izan ziren (28:05) eta Iñaki Azurmendik eta Jon Rekondo leitzarrak osatu zuten podiuma (29:50).
Podiumetik kanpo eta ordu erdi baino gehiago lanean eman behar izan zuten laugarren izan ziren Joseba Otaegi eta Joxemari Olasagastik (30:32) eta bosgarren izan ziren Donato Larretxea eta Felix Etxeberria (31:59).
Latasaren omenezko jaialdiaren baitan, Mikel Mindegia handiak kanako enborra (bi metro eta erdiko borobila) moztu zuen 16 minutu eta 44 segundotan, marka bikaina eginez bere 65 urtetan. Sunbillako frontoia betetzen zuen jendetzaren txalo zaparrada handia jaso zuen saritzat Ezkurrakoak.