Doneztebek hemeretzigarren aldiz jantzi du txapela

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 4a

Txapeldun eta txapeldunordeak, agintari eta laguntzaileekin batera. Alicia DEL CASTILLO

9-5 irabazi zion abuztuaren 2an Oizko plazan jokatutako finalean Iruritari

Baztan-Errekako 35. Laxoa txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 2an Oizen eta biga­rren urtez segidan Doneztebe A taldea suertatu zen garaile, 9-5 irabazi baitzion Irurita Bri. Doneztebeko Jokin Arraz­toa izendatu zuten finaleko onena.
 
Doneztebe A taldearekin Pascual Bertiz sakalaria, Koldo Legarra numeroa eta Jokin Arraz­toa eta Javier Bertiz koartoak aritu ziren. Azpitxapeldun izan zen Irurita B taldean, berriz, Xabi Barberena sakalaria, Gorka Urtasun numeroa eta Egoitz Prim eta Karlos Goikoetxea koartoak aritu ziren. Marrak zaintzen Alberto San Miguel Oizko alkatea aritu zen eta epaile lanean Doneztebeko Eduardo Oiartzabal, Iruritako Guillermo Etxenike eta Oizko Lander eta Iñaki Mendiola.
 
Lehenbiziko jokoa iruritarrek egin bazuten ere, hasieran berdintasun handia izan zen: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2 eta 2-3 aitzinetik izan ziren baztandarrak. Baina horren ondotik, bortz joko segidan egin zuen Doneztebek (7-3). 7-4 eta 8-4koaren ondotik, bosgarren jokoa egin zuen Iruritak, 25 minutuko lehiaren ondotik, 22 aldiz a dos egon eta gero. Alferrik izan zen, azken jokoa doneztebarrek egin baitzuten.
 
HIRUGARREN POSTUA ERE DONEZTEBERA
Hirugarren posturako norgehiagokan ere Doneztebe Bk (Javier Almandoz, Asier Mutuberria, Juan Telletxea eta Bittor Mendiburu) 9-4 irabazi zion Irurita Ari (Joseba Urtasun-Oscar Urrutia-Iñaki Etxandi-Jagoba Ramos).
 
Finalaren ondotik egin zen sari banaketa. Alberto San Miguel Oizko alkateak eman zizkien garaikurrak eta txapelak Doneztebe A taldekoei eta sari banaketan izan ziren Jose Ramon Iriarte Nafarroako Pilota Federazioko presidentea, Cesar Gonzalez de Heredia eta Ka­txin Iriarte, Pilotarien Batzarra elkarteko presidente eta presidente ordea, edo Valentziako Joc de pilota eta ber­tze modalitatetako aditua den Alberto Soldado, bertzeak bertze. Erran bezala, Mikel Eizagirre zaleak ematen duen finaleko goantelari onenarentzako saria Jokin Arraztoak jaso zuen. 
 
Ondotik, afari bikaina izan zuten Oizko elkartean.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun