Sarako Kontrabandisten Lasterketaren 51. edizioa jokatu zen abuztuaren 24an, eta lehenbiziko aldiz Joseba Larralde beratarra izan zen helmugaratzen lehena. 33 lasterkarik egin zuten ibilbidea eta Larraldek 41 minutu eta 9 segundotan egin zuen ibilbide osoa. Joan den urtean bigarren izan zen. Aurtengoan, bigarren helmugaratu zena Asier Apezetxea aranztarra izan zen (43:28) eta hirugarrena Iñigo Lasaga beratarra (43:38). Lasagak 2009ko edizioan irabazi zuen.
Lasterkari gehiago ere joan ziren eskualdetik. Joseba Lasarte beratarra, adibidez, hamargarren sailkatu zen eta Angel Ponbar beratarra hamaseigarren. Parte hartzerik izan ez zuena Fernando Etxegarai beratarra izan zen, zuntz hausturatik ez zelako osatua. Etxegaraik zazpi aldiz irabazi du lasterketa hau eta berea da errekorra ere, 2006an egina: 38 minutu eta 36 segundo.