Euskalduntzen edo alfabetatzen ari direnei dirulaguntza emanen die Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak. 2013ko irailaren 1etik 2014ko abuztuaren 31ra arte egindako ikastaroen matrikuletarako jaso liteke laguntza: ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, informatika bidezkoak izan eta oro har Balorazio Batzordeak onesten dituenak. Laguntzaren zenbatekoa gastuaren %50ekoa izanen da gehienez ere, eta ikasturtean langabezian egondakoentzat %100ekoa izanen da laguntza. Halere, diru laguntzaren onuradunek ezin izanen dute 652 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso deialdi bakoitzeko eta kilometrajea ez da diruz lagunduko. Eskabideak irailaren 15era bitarte aurkezten ahalko dira, Iparraldeko Mankomunitateko erregistroan edo dagokien herriko udaletxe edo euskara zerbitzuan. Laguntza jasotzeko ezinbestekoa izanen da Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea osatzen duten herrietan erroldatua egotea.