Festetako azken egunean 108 lagun bildu dira herri bazkarian

Fernando ETXEBERRIA 2014ko irailaren 4a

Goian Doneztebeko dantzarien emanaldia eta behean mus txapelketako saridunak eta Aizkora Txapelketako sari banaketa ageri dira. Fernando ETXEBERRIA

Bost egunez ongi pasatzeko tartea izan dute herritarrek

Abuztuaren 14ko gauean hasi ziren festak, Barranka ostatuan afaria eginez eta ondoren Jose Angelekin dantzaldia izan zen. Bi­ha­ra­munean, Meza Nagusiaren ondo­ren, Doneztebeko dan­tza taldeak bere saioa eskaini­ zuen eta arra­tsal­dean aizkora apustuaz goza­tzeko aukera izan zen. Erasun eta Saralegi, Rekondo eta Mugertzaren kontra aritu ziren eta azken hauek irabazi zuten zortzi segundoko aldearekin. Hirugarren enborra gogo­rra atera zen eta horrek eragina izan zuen, bes­te bikoteak ordurako hartutako abantaila galdu egin baitzuen.

Abuztuaren 16an, berriz, mus txapelketa jokatu zen eta hamabi bikotek parte hartu zuten. Guztien artean, Txuma eta Xabi nagusitu ziren eta Jose Mari eta Julian azpitxapeldun gelditu ziren. Migeltxo eta Cristobal hirugarren eta Jose Luis eta Joxe Martin laugarren. 

Haurrak ere eguneko protagonistak izan ziren: jokoetan aritu  ziren, txokolatea ere das­tatu zuten eta Ines Bengoa ipuin kontalariarekin udaletxean bildutako 50 bat neska-mutikok eder­ki pasatu zuten. Ilunabarrean, festetan ohitura bihurtu den ekitaldiaren txanda eto­rri zen: herriko gazteen arteko herri kirol saioa. Hogei kirolarik parte hartu zuten. Egun horretan Oihana eta Oihanak jo zuten musika. 

AIZKORA TXAPELKETA

Igandearen Nafa­rroako III. Mailako Aizko­ra Txapelketa jokatu zen. Oier Kañamares (Arostegi), Mikel Indako­txea (Zubieta), Joxean Etxeberria (Ziga) eta Miguel Angel Etxeberria eta Pello Telletxea (Bein­tza-Labaien) aritu ziren­.

Cipriano Telletxeak gidatutako taldea arduratu zen egurra jar­tzeaz, eta proba bukatu­takoan ere beraiek izan ziren hondarrak bildu eta frontoia arratsaldeko pilota partidetarako txukun-txukun utzi zutenak. Lerro hauen bidez boluntario guztiei gure esker onak eman nahi dizkiegu musutruk egiten duten lanagatik.

Finala hasi aurretik, Azpirozko Mikel Lasartek motozerrarekin lore dotorea ere egin zuen, eta egurrezko beste bi irudirekin batera zozketatua izan zen. 

Gainerakoan, aizkolariak hirugarren enbo­rrera arte nahiko berdin­tsu ibili ziren, baina hortik aurrera Miguel Angel­ Etxeberria gailendu zen. Azken bi enborretan Mikel Indakotxea eta Joxean Etxeberria lehian ibili ziren, baina azkenean Indakotxea nagusitu zen. Kañamares lauga­rren eta Telletxea bosgarren sailkatu ziren. 

Proba bukatutakoan, Mikel Lasartek be­rriz ere motozerrarekin duen abilidadea eraku­tsi ­zuen eta hontza eta on­ddo bat egin zituen.

Aizkora txapelketako sari banaketan, Miguel Angel Etxeberriak Julian Gogorza alkatearengandik jaso zuen txapela. Bigarren gelditu zen Mikel Indakotxea izan zen txalotuena, bere herritik koadrila ede­rra bildu baitzen. Honek eta Joxean Etxeberriak trofeoa jaso zuten. 

Egun horretan arra­tsaldez bi pilota partida jokatu ziren, kadeteena lehena eta afizionatuena bestea eta ondotik Fidelek alaitu zuen giroa.

BAZKARI JENDETSUA

Festak borobiltzeko, azken egunean fron­toian herri bazkaria egin zen, Jose Luis sukaldari handiak prestatu eta bere laguntzaileek zerbitzatu zutena. Talde honi esker 108 lagunek menu goxoa dastatzeko aukera izan zuten. Postrearekin batera Erra­mun Martikorenaren saioaz gozatzeko aukera ere izan zen, Jose Angel akordeoilariak lagunduta. Aski ezagunak diren kantetan parte hartu zuten bazkaltia­rrek: Ameriketara noa, Amodioa zoin den zoroa, Xalbadorren herio­tzean, Baigorriko herria, Erribera...

Nahi zuen guztiak dantzatzeko aukera izan zuen 22:00 arte eta ho­rrela bukatu ziren aurtengo festak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun