Ikastaro batzuk dohainik eskainiko ditu ikasturte honetan Arkupeak-ek

Fernando ETXEBERRIA 2014ko irailaren 4a

Informatika eta osasuna eta ongizatearekin lotutakoak dira

Urrian hasiko dira Arkupeak Elkarteak ikasturte honetarako pres­tatu dituen ikastaroak. Guztira hamabi izanen dira eta horietako ba­tzuk dohainik izanen dira, eta bertzeak diruz lagunduak. Elkarteak Nafarroako Gobernuarekin eta Caixarekin hi­tzarmena sinatua du eta hala, informatika, aktibatu eta esnatu irribar batekin ikastaroak dohainik izanen dira. Gainerakoak Caixak emandako laguntzarekin eta Arkupeak eta bazkideak bideratutakoarekin ordainduko dira. Baina  orain arten 30 euro balio zuten ikastaroak 20 euro balioko dute orain­. Frantsesa, altzarien zaharberritzea, lorazain­tza, kimatzea, memoria tailerra, margogintza eta marrazkilaritza... Horiek dira, bertzeak bertze, ikasturte honetako ikastaroak.
 
Irailaren 19an akituko da ikastaroetan apun­tatzeko epea eta interesatuek 948 450878 telefono­ra deitu beharko dute 09:15­etik 12:45­era edo ber­tzela arkupeak@arkupe ak.com-era idatzi.
 
ZUZENDARITZAREN BILERA
Datu baikorrak utzi zituen joan den urteak Arkupeak Elkartearen­tzat, 1.291,08 euroko superabitarekin itxi baitzu­en urtea. Hala jakinarazi zuen Pedro Bañares elkarteko lehendakariak uztailaren 30ean zuzendaritza ba­tzordearekin egindako bileran. 490.000 euroko aurrekontua dute aurten, eta gaur egun 55.122 euro ditu elkarteak. Bazkideak, berriz, 2.649 dira. 
 
Bertzalde, Europara egitekoa den bidaian 96 bazkidek eman dute izena eta Argentinara joateko 35ek.
 
ARALARRERA ATERALDIA
226 bazkide hurbildu ziren uztailaren 24an Aralarko Santutegira atatxi-amatxien­ eguna ospatzeko. Berez, eguna 26an bazen ere, bi egun aurreratu behar izan zuten larunbata izanda Gorraizko jatetxea betea zegoelako. 
 
EZKURRAN BARNA ITZULIA
Ezkurrako frontoitik abiatuta, bost orduko ibilaldia egin zuten 22 bazkidek uztai­laren 31n. Basakaitz, Zuparrobi eta Perraleku bezalako tokitatik pasatu ziren eta Putzu Haundi eta herriko boluntarioek Santa Kruzeko ermitara joateko moldatu duten bide berria ezagutzeko aukera ere izan zuten. Barranka ostatuan bazkaldu zuten, eta hilabetero mendi ateraldiren bat egiten segitzeko asmoarekin gelditu ziren. Beharbada, hurrengoa Txindokira eginen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun