Euskara ikasi eta hobetzeko deia egin diete euskara zerbitzuek herritarrei

TTIPI-TTAPA 2014ko irailaren 4a

Euskaltegietan matrikulatzeko epea zabalik dago

Ikasturte berriari begira, Bortzirietako Euskara eta Malerrekako Mankomunitateek, Baz­tango Udalak eta Nafa­rroa­ko Iparraldeko Euskara Mankomunitateak herritarrei euskara ikasi eta hobetzeko deia luza­tu diete. Azaldu dutenez, «Nafarroako mendialdean euskarak gero eta toki handiagoa du gizarte bizitzan, herri­tar anitzek bere eguneroko jardunetan erabil­tzen du eta haur-gaztetxo ia guztiak hiz­kuntza horretan eskola­tzen dira». Hala, euskara zerbitzuek uste dute «gaur egun euskaraz ongi moldatzea, hala ahoz nola idatziz, gero eta beharrezkoagoa dela edonon eroso aritzeko». Eta horretan lagun­tzeko «gure eskualdeetan lanean ari diren euskaltegiek urteetako esperientzia eta eskarmentua dutela» gaineratu dute: «euskara irakasteko metodo errazak, komunikazioan oinarrituan, erabiltzen dituzte eta, aurrez-aurreko klaseak eskaintzeaz gain, internet bidezko ikastaroak nahiz autoi­kaskun­tzarako aukerak ere ematen dituzte».
 
Euskaltegian izena emateak daka­rren gastua arintzeko euskara zerbitzuek diru-lagun­tzak eskaintzen dituztela ere oroitarazi dute euskara zerbitzuek. Bor­tzirietako Euskara eta Malerrekako Mankomunitateek, erraterako, ikasle, langabe eta zailtasun ekonomikoak dituztenendako diru laguntzak eskaintzen dituzte; Baztango Udalak euskara ikasleendako, bereziki langabe eta guraso direnendako, laguntzak ematen ditu eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak ikasle guztiendako bekak eta langabeendako diru-laguntza bereziak ematen ditu. 
 
Euskaltegiak:
• Lesaka: 948 637796
• Doneztebe: 948 451555
• Leitza: 948 610776
• Elizondo: 948 452471
• Larraintzar: 948 604704
• Lekunberri: 948 604704
 
EUSKALTEGIAN IBILITAKOEN BIZIPENAK
Maria IRURUETA | DONEZTEBE

«Izan ditudan lan guztietan primeran etorri zait euskaraz idazteko gaitasuna izatea»

«Ez nuen aukerarik izan ikasketak euskaraz­ egiteko, euskara etxean eta kalean ikasi nuen. Baina nire euskara hobetzeko eta abe­rasteko euskaltegira joatea erabaki nuen­. Oso pozik nago hartu nuen erabakiaz, konfi­dantza handia lortu nuelako euskara erabil­tzeko orduan, bai ahozkoan, baita idatzizkoan ere. Izan ditudan lan guztietan primeran etorri zait euskaraz idazteko gaitasuna izatea. Ez naiz batere damutzen euskaltegian izena eman izanaz, anima zaitez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun