Goitibeherak berreskuratu dira giro ederrean joan diren bestetan

IZASKUN GOÑI TELLETXEA 2014ko irailaren 4a

Izaskun GOÑI

165 lagun bildu dira hondarreko eguneko zikiro jatean

Giro ederrean joan zitzaizkigun Amabirjin bestak, eta jendeak primeran pasatzeko aukera bikaina izan zuen. 
 
Egunez egun, lehenbiziko egunean gazte eta ez hain gazteen artean, herri kirol desafio polita ikusteko aukera izan genuen. Zortzi laguneko bi talde aritu ziren, eta berdinketa izan zen bi taldeen artean.
 
Amabirjin egunean, berriz, frontenis txapelketa jokatu zen hiru mailatan banatuta: 0-8 urte, 8-16 urte eta 16tik goi­ti­­koak. Kategoria nagusian Igor Arregi eta Iban Ezkurra, Mikel Arre­gi eta Josu Juanenearen kontra aritu ziren eta lehenbi­ziko bikoteak irabazi zuen­ txapelketa. 
 
Larunbatarekin, aspaldiko partez berriro goitibeherak izan ziren. Guztira 12-14 egin ziren, eta etxeko ttikienek eta haundienek ere parte hartu zuten. Jende dezente bildu zen ikustera ere. Goitibeherak hainbat gairen inguruan apain­du zituzten: piratak, hawaianoak, txalupa arrantzaleekin, baine­ra, txinatarren orga... 
 
Igande goizean, mus txapelketa jokatu zen eta 22 bikotek parte hartu zuten. Guztien artean Jabier Migeltorena eta Alfredo Mendiberri nagusi­tu ziren. Arratsaldean, berriz, patata tortilla eta pos­tre lehiaketaren txanda izan zen. 22 patata tortilla eta 14 postre aurkeztu zituzten. Tortillak frontoian egin zituzten eta postreak etxe­tik eka­rri zituzten. Txikote tortilla izan zen irabazlea, Ruben Otxandorena eta Ander Mendiberrik egindakoa. Postre lehiaketa neska gazte koadrila batek irabazi zuen kolorez­ko pastel ikusgarriarekin­.
 
Hondarreko egunean herri bazkaria egin zen eta 165 lagun bildu ziren­. Azken urteetan txuleta jatea egin izan bada ere, aurten garai batean bezala, zikiro ederra pres­tatu zuten erretzaileek. Bixente soinularia giroa alaitzeaz arduratu zen, eta bazkalondotik, Julio Soto eta Andoni Egañaren bertsoez gozatzeko aukera izan zen. Gero, komentuko buelta egin ondotik, Trikidantzekin dantzaldia izan zen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun