Udako hilabeteak oporretarako aprobetxatzen ditu jende gehienak baina herriko kirolariak ez dira geldirik egon eta probaren batean eta bertzean ibili dira. Sunbillako bestetan, adibidez, Ramon Latasa Sariketa jokatu zen eta bortz bikote aritu ziren aizkoran. Tartean izan zen Ander Erasun, Floren Nazabalekin bikotea osatuz. Lan bikaina egin zuten eta bigarren gelditu ziren.
Jabier Seinek, bertzalde, uztailaren 19an Espainiako Txapelketan parte hartu zuen, baina bizikletarekin arazoak izan eta erretiratu egin behar izan zuen, katea hautsi zitzaiolako. Zorte hobea izan zuen Sunbillan, Arretxekobordarako igoeran bera nagusitu baitzen.