Laxoa izan da kirol erregea uda honetan

Marga ERDOZAIN 2014ko irailaren 4a

Ziburuko Laxoa Torneoan ere parte hartu dute herriko bi pilotarik. Tiburtzio ARRAZTOA

Gazteen laxoa txapelketan herriko hiru talde aritu dira

Uztailean eta abuztuan laxoaz gozatzeko aukera ederra izan da Donezteben. Uztailean hasi eta abuztuan egin den gazteen laxoa txapelke­tan aritu diren zortzi taldeen artean, hiru Doneztebekoak izan dira. Honako jokalariak aritu dira: Doneztebe An Goio Mindegia, Aimar Jabalera, Urtzi Juanena eta Iñigo Belarra; Doneztebe Bn Gorka Iribarren, Iñaki Maylin, Mikel Tajadura eta Eloy Gartzia eta Doneztebe Cn Unai San Miguel, Aimar Sa­rra­tea, Joseba Bengoe­txea, Pello Sein eta David Mitxeo. 
 
Bi itzuliko ligaxka jokatu ondotik, lau ailegatu dira finalerdietara eta tartean Doneztebe A eta B. Irailaren 6an eta 10ean jokatuko diren azken bi finalerdien ondotik, irai­laren 13an Oizen izanen da finala. Ea herriko talde­ren bat ailegatzen den eta helduen txapelketan bezala, txapela gurera ekartzen duen. Emai­tzaz­­ haratago, aipatu behar da ha­rro­bi ikaraga­rri polita dagoela gurean, pilota modalitate honen alde egindako lanari esker­.
 
Arrakasta horren ber­tze adierazle bat da Bear­-Zana plazan egin den Laxoako II. Tornea. Iaz bezala, aurten ere herriko zor­tzi taldek parte hartzekoa zuten abuz­tuaren 30ean egitekoa zen txapelketan. 
 
Horiez gain, abuztuaren 22an Ziburuko plazan urtero antolatzen den Laxoa Torneoa jokatu zen, Baztan-Bidasoaldeko Laxoa Elkarteko eta Donibane Lohizuneko Luzaz Gazte taldeekin. Herriko bi jokalari aritu ziren. Eta abuztuaren 23an Bilboko Aste Nagusian paxa­ka partida bat antolatu zuten eta han aritu ziren lau jokalariak donez­tebarrak izan ziren. Partida honek sekulako ikusmina sortu zuen eta jende anitz hurbildu zen ikustera. 
 
LAXOA TXAPELKETA
Gazteen laxoa txapelketan herriko bi taldek lortu dute finalerdietara pasatzea. Irailaren 6an eta 10ean azken finalerdiak egin ondotik, irailaren 13an finala jokatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun