Dena prest dago igandean eginen den Emakumeen Munduko Lehen Maratoirako

Ttipi-Ttapa 2014ko irailaren 4a

Mendaur inguruko pista honetan barrena ibiliko dira igandean emakumeak.

Proba guztiak kontuan hartuz, 381 emakumezkok parte hartuko dute

42 kilometroko maratoian 44 emakumezko apuntatu dira, 21 kilometroko maratoi erdian 105 emakumezko, sei kilometroko hastapeneko proban 115 emakumezko eta 21 kilometroko oinezko martxan 117 emakumezko. Gehienak Nafarroatik eta Gipuzkoatik etorriko dira, 174 eta 116 emakumezko, hurrenez hurren. Adinari dagokionean, gehienak 31 eta 40 urteen artean dabiltza, izena emana duten 381 emakumezkoetatik 184.

Emakumeen Munduko Lehen Mendi Maratoia Sunbillan hasi eta akituko da igande honetan, irailak 7. Baina emakumeen artean kirola sustatzea da probaren helburua eta horregatik maila desberdinetara egokitutako ibilbideak prestatu ditu Abiatu Kirol Klubak, probaren antolatzaileak.

42 kilometroko maratoia

Goi mailako kirolariei zuzendutako maratoia izanen da luzeena, 42 kilometroko luzerarekin. 2.420 metroko desnibela duen ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. 08:30ean abiatuko dira Sunbillako zubitik eta gehienez zortzi orduz osatu beharko dute ibilbidea. Helmugaratzen den lehenbizikoak 800 euro eta txapela eskuratuko ditu, bigarrenak 500 euro, hirugarrenak 300 euro eta laugarrenak 100 euro. Lehen hamarretan sailkatzen diren gainerakoek bertze 50 euro hartuko dituzte.

21 kilometroko ibilbidea

Mendi lasterketetan trebatuta daudenek, maratoi erdia dute aukeran eta 21 kilometroko ibilbidea osatu behar dute hauek. Kategoria honetakoek 1.286 metroko desnibel positiboa eta 1.330 metroko desnibel negatiboa duen bidea izanen dute. 10:00etan aterako dira Elgorriagatik eta gehienez sei orduz Sunbillara ailegatu beharko dute. Lehen sailkatuak 300 euro eta txapela eskuratuko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 100 euro.

6 kilometroko ibilbidea

168 metroko desnibela duen sei kilometroko ibilbide herrikoia ere prestatu dute, pista eta mendian barna ibiliko dena. 10:30ean aterako dira Sunbilllatik eta ordu bat eta erdiz osatu beharko dute ibilbidea.

21 kilometroko mendi martxa

Korrika baino oinez ibiltzea nahiago dutenek, 21 kilometroko martxa egiteko aukera ere izanen dute. 09:00etan aterako dira Elgorriagatik eta gehienez zazpi orduz Sunbillan izan beharko dute.

Haurrentzako lasterketa

800 metroko haurren lasterketa ere prestatu dute. 10:15ean aterako dira Sunbillatik.

Parte-hartze zabala

Estreinako edizio honek piztu duen interesa ikusita, gustura agertu dira antolatzaileak. 381 emakumezkok eman dute izena: maratoian 44 emakumezko apuntatu dira, maratoi erdian 105 emakumezko, hastapeneko ibilaldian 115 emakumezko eta martxan 117 emakumezko. Gehienak Nafarroatik eta Gipuzkoatik etorriko dira, 174 eta 116 emakumezko, hurrenez hurren. Gainerakoak Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat txokotatik etorriko dira.

Adinari dagokionean, 11 eta 20 urtekoak 15 emakume dira; 21 eta 30 urtekoak 62 emakume; 31 eta 40 urtekoak 184 emakume; 41 eta 50 urtekoak 95 emakume; 51 eta 60 urtekoak 19 emakume eta 61 eta 70 urtekoak 6.

Maratoiko parte hartzaileen maila ere azpimarratu dute antolatzaileek: «estatuko top 10etik zazpi inguru datoz: Ana Casares, Maite Mayora... eta euskal selekzioko ordezkariak ere izanen dira, Leire Fernandez, bertzeak bertze».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun