Berak eta Arraioz taldeek txapel bana eskuratu dute Herriz Herri Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2014ko irailaren 3a

Zaku lasterketa lehen proba konbinatuan sartzen da txapelketa honetan.

Berdinketa hausteko proban irabazi du txapela Berako taldeak

Arraiozko taldea lehen proba konbinatuan izan da nagusi eta proba honetan Bera bigarren izan da. Bigarren proba konbinatuan, berriz, Berak eskuratu du txapela. Halere, Bera eta Berriozar taldeak puntutara berdindu ondotik, berdinketa hausteko txinga proba egin dute, zozketa bidez proba aukeratuta. Proba Berak irabazita, txapela eskuratu dute.

Hiru jardunaldi jokatu ondotik, Nafarroako Herriz Herri Txapelketaren finala jokatu zuten joan den larunbatean Berriozarren. Bi proba konbinatuetan lehiatu ziren taldeak: lehenbizikoan lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, lasterka eta arpanean aritu ziren eta bigarren proba konbinatuan txinga eramaten eta ingude altxatzen.

Lehen proba konbinatuan, Arraiozko taldea nagusitu zen 17:32.19ko denbora egin ondotik. Proba honetan bigarrena Berako taldea izan zen (18:07.31); hirugarrenak Menditarrak taldea gelditu zen (18:07.98) eta laugarren Berriozarko taldea (19:36.95).

Bigarren proba konbinatuan txapela Berako taldearentzat izan zen eta bigarren postua Berriozarrentzat. Baina Bera eta Berriozar taldeak puntutara berdindu egin zuten: Berriozarko taldea ingudearen nagusitu eta lau puntu eskuratu zituen; Bera bigarren izan zen eta hiru puntu; Menditarrak taldeak 2 puntu eta Artzanegik 1 eskuratu zuten. Txinga eramaten, Artzanegi izan zen onena eta lau puntu eskuratu zituen, txingarekin Bera gelditu zen gero eta hiru puntu eskuratu zituen eta Berriozarrek eta Menditarrak taldeak 2 eta puntu 1, hurrenez hurren. Seina puntu jaso zituzten, beraz, Berriozarrek eta Berak eta berdinketa hori hausteko bertze proba bat egin behar izan zuten. Zozketa bidez aukeratu zuten proba eta txingena atera zen. Txinga proba Berak irabazi zuenez, txapela beraientzat izan zen. Hirugarren Artzanegi taldea gelditu zen eta laugarren Menditarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun