Errekako Emakume Korrikalari Taldeak ortzegun honetan hasiko du bigarren denboraldia

Ttipi-Ttapa 2014ko irailaren 3a

Joan den urteako Doneztebeko krosean parte hartu zuten taldeko emakumezkoak.

Aurkezpena eginen dute eta ondotik lasterka buelta bat emanen dute

Aurkezpena 20:00etan eginen dute Erreka Kirol Elkartearen egoitzan eta ondotik lasterka buelta bat emanen dute. Irailetik ekainera bilduko dira eta hilabeteko kuota zortzi eurokoa izanen da. Astero bi entrenatzaile izanen dituzte.

Joan den urteko denboraldian izandako arrakastaren bidetik, aurten ere Doneztebeko emakumezkoen korrikalari taldea lanean segitzeko asmoarekin da. Ortzegun honetan, irailak 4, hasiko dute denboraldia eta 20:00etan aurkezpena egin ondotik, lasterka ibiltzera aterako dira.

Erreka Kirol Elkarteak paratu du taldea martxan eta irailetik ekainera bilduko dira; beraz, iaz baino hilabete bat gehiagoz eskainiko da zerbitzua. 20:00etatik 21:00etara bilduko dira eta hilabeteko kuota zortzi eurokoa izanen da. Prezioa %33 jeitsi dute. Norbaitek interesa edukiz gero japezetxea@hotmail.com helbidera idatz dezake.

Parte hartzaile berriak Errekako bazkide eginen dira eta joan den urtean lasterka ibiltzeko jantziak egin bazituzten, aurten entrenatzeko gehigarriren bat egiteko asmoa dute. Astero bi entrenatzaile izanen dituzte emakumezkoek. Iñigo Arregi izanen da burua eta finkoa eta Alfredo Telletxea eta Jokin Apezetxea bi astean behin ordezkatuko dira. Urte osoan hainbat probatan parte hartzeko asmoa ere badute, hala nola, Doneztebeko San Silbestre lasterketa, lilatoia, Doneztebeko krosa...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun