Buruz buruko Kutxabank Erremonte Txapelketako finala bi doneztebarren artekoa izan da guttigatik, baina azkenean ez da hala gertatu. Xanti Uterga doneztebarrak Urrizaren kontra jokatu zuen larunbatean bigarren finalerdia eta tanto bakarragatik gelditu zen finaletik kanpo.
Markagailua parekatua ibili zen partida osoan eta azkeneko tantoan erabaki zen dena. Urrizak azken sakea egin zuen eta Utergak bi pareta eginez bukatu nahi izan zuen eta guttigatik kontrakantxara joan zitzaion pilota. Doneztebarrak ausart jokatu zuen, eta jokaldi aunitzetan arriskatu zuen. Aunitzetan asmatu zuen, azken erresto horretan izan ezik. Aitzinetik ere ibili zen markagailuan, baina azkenean ezin izan zuen. Peloteoan 17 tanto egin zituen Utergak, eta lau huts egite. Saketik zortzi tanto galdu zituen. Partida gogorra jokatu zuten, ordu bat eta 20 minutu iraun baitzuen.
Beraz, finala joan den urtean bezala, Urrizak eta San Migelek jokatuko dute.
Julen San Migelek Etxeberria IV.ari irabazita lortu zuen finalera pasatzea
Bigarren urtez lortu du aurten Julen San Migelek finalerako txartela, aldi honetan, Etxeberria IV.ari 30-20 irabazita. Joan den abuztuaren 25an jokatu zuten finalerdia eta Doneztebeko atzelaria 7-14ko markagailuarekin gibeletik ibili bazen ere, partidari buelta ematea lortu zuen. Dirua San Migelen alde atera zen, baina Etxeberria IV.a ongi moldatu zen eta 7-14 aitzinetik jarri zen. Doneztebarrak hasiera hartan ez zuen asmatu, baina sakea eskuratu zuenean, konfidantza berreskuratu eta 10-0eko partzialarekin 17-14 aitzinetik jarri zen. Etxeberria IV.a 20-19ra ere hurbildu zitzaion, baina azkenean doneztebarra nagusitu eta 30-20eko markagailuarekin irabazi zuen. San Migelek 16 tanto egin zituen peloteoan, 11 tanto saketik. Peloteoan bakarra galdu zuen eta saketik falta bat ere egin zuen.