Buruz buruko Kutxabank Erremonte Txapelketako finalean izanen da aurten ere Julen San Migel doneztebarra. Bigarren urtez lortu du finalerako txartela, aldi honetan, Etxeberria IV.ari 30-20 irabazita. Joan den asteartean jokatu zuten finalerdia eta Doneztebeko atzelaria 7-14ko markagailuarekin gibeletik ibili bazen ere, partidari buelta ematea lortu zuen. Dirua San Migelen alde atera zen, baina Etxeberria IV.a ongi moldatu zen eta 7-14 aitzinetik jarri zen. Doneztebarrak hasiera hartan ez zuen asmatu, baina sakea eskuratu zuenean, konfidantza berreskuratu eta 10-0eko partzialarekin 17-14 aitzinetik jarri zen. Etxeberria IV.a 20-19ra ere hurbildu zitzaion, baina azkenean doneztebarra nagusitu eta 30-20eko markagailuarekin irabazi zuen. San Migelek 16 tanto egin zituen peloteoan, 11 tanto saketik. Peloteoan bakarra galdu zuen eta saketik falta bat ere egin zuen.
Partida hau irabazita finalean izanen da San Migel. Bere aurkaria zein izanen den larunbat honetan jakinen da. Uterga herritarra edo Urriza izan daiteke, egungo txapelduna. Gaur aukeratzekoak dituzte pilotak.