Sarako Kontrabandisten Lasterketaren 51. edizioa jokatu zen joan den igandean, eta lehendabiziko aldiz Joseba Larralde beratarra izan zen helmugaratzen lehena. 33 lasterkarik egin zuten ibilbidea eta Larraldek 41 minutu eta 9 segundotan egin zuen ibilbide osoa. Joan den urtean bigarren izan zen. Aurtengoan, bigarren helmugaratu zena Asier Apezetxea aranztarra izan zen (43:28) eta hirugarrena Iñigo Lasaga beratarra (43:38). Lasagak 2009ko edizioan irabazi zuen.
Lasterkari gehiago ere joan ziren eskualdetik. Joseba Lasarte beratarra, adibidez, hamargarren sailkatu zen eta Angel Ponbar beratarra hamaseigarren. Parte hartzeko aukerarik izan ez zuena Fernando Etxegarai beratarra izan zen, zuntz haustura izan zuelako abuztuaren 1ean Beran egindako Gau Lasterketan, eta oraindik ez delako osatu. Etxegaraik zazpi aldiz irabazi du Sarako lasterketa hau eta berea da errekorra ere, 2006an egina: 38 minutu eta 36 segundo.
Lasterkariek, beti bezala, ibilbide hasierako 1,5 kilometroak zortzi kiloko zakua bizkarrean egin behar izan zituzten.