Pellejerok eta Saralegik Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketako finalerako txartela lortu dute

Ttipi-Ttapa 2014ko abuztuaren 25a

Pellejero aresoarrak arazorik gabe eskuratu du finalerako txartela.

Asteburuan jokatu da kanporaketa Gorritin eta Mikel Indakotxea eta Joxean Etxeberria finaletik kanpo gelditu dira

Asteburuan jokatu da kanporaketa Gorritin eta bederatzi aizkolari aritu dira lehian. Tartean izan dira Asier Pellejero (Areso), Eneko Saralegi (Leitza), Mikel Indakotxea (Zubieta eta Joxean Etxeberria (Ziga). Lehenbiziko biek finalerako txartela eskuratu dute, kanporaketan lehen eta bigarren postuak eskuratuta. Bigarren kanporaketa irailaren 28an jokatuko da.

Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketa kanporaketa jokatu zen igandean Gorritin, eta bederatzi aizkolari aritu ziren finalerako txartelaren bila: Iñaki Kintana (Zerio, Araba), Eloy Kortxero (Araia, Araba), Done Intxausti (Amorebieta-Etxano, Bizkaia), Xabier Gartzia (Dima, Bizkaia), Aitor Urteaga (Idiazabal, Gipuzkoa), Asier Pellejero (Areso), Eneko Saralegi (Leitza), Mikel Indakotxea (Zubieta) eta Joxean Etxeberria (Ziga).

Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko moztu behar izan zituen eta lan guztiak egiten bizkorrena Pellejero izan zen. 10 minutu eta 9 segundotan egin zituen lanak. Bigarrena Saralegi gelditu zen (10:59), hirugarren Urteaga (11:03). Hiru hauek lortu dute finalerako txartela. Laugarren Kortxero (11:20) sailkatu zen, bosgarren Etxeberria II.a (11.54), seigarren Kintana (12:27), hirugarren Indakotxea (12:28), zortzigarren Gartzia (13:22) eta bederatzigarren Intxausti (16:19).

Bigarren kanporaketa irailaren 28an jokatuko da Aizarnazabalen (Gipuzkoa) eta hemen zortzi aizkolari ariko dira lanean eta tartean Mieltxo Mindegia zubietarra. Berekin hauek parte hartuko dute: Aritz Irazabal (Bizkaia), Beñat Lekue (Bizkaia), Xabier Dorronsoro (Gipuzkoa), Jokin Alkizalete (Gipuzkoa), Goizeder Belza (Nafarroa), Iban Resano (Nafarroa) eta Iker Vicente (Nafarroa). Hemen ere lehen hiru sailkatuek finalerako txartela lortuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun