Hauteskunde sindikalen garaian, LABek Nafarroan ordezkaritza gehien haunditu duen sindikatua bera dela jakinarazi du ohar bidez. Datuak ere eman ditu: 2013ko abenduaren 31tik 2014ko uztailaren 31ra dauden zazpi hilabeteetan, LABek 21 ordezkari gehiago lortu dituela adierazi du, eta aldiz, UGTk eta CCOOek, 11 eta 41 ordezkari galdu dituztela, hurrenez hurren.
LABek oroitarazi du beraiek dituzten bitartekoak UGTk eta CCOOek dituztenak baino «askoz apalagoak» direla, «azken hauek UPNren Gobernauren finantziazio berezia jasotzen baitute prestakuntza programa eta bestelakoen bidez». Oraindik hauteskunde sindikalen multzo handiena egin gabea dela ere azaldu du LABek, baina aipatutako datuek «joera adierazgarria» islatzen dutela dio: «UGT eta CCOOen morrontza sindikalaren arbuioa, nahiz LABen aldeko apustua». Gisa honetara, datozen hilabeteetan LABek Nafarroako txoko guztietara heltzeko ahaleginak biderkatuko dituela erran du.
Bukatzeko, «Nafarroako aldaketa politiko eta sozialaren alde, klase sindikalismo konprometituaren alde egiten duten horiei» LABekin bat egiteko gonbidapena ere luzatu die sindikatu abertzaleak «bai bere hautes zerrendetan parte hartuz, bai bere hautagaitzen alde bozkatuz eta bai ordezkaritza sindikalik ez duten enpresetan haunteskunde sindikalak sustatuz ere».