Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketan ariko dira igandean eskualdeko aizkolariak

Ttipi-Ttapa 2014ko abuztuaren 22a

Asier Pellejero aresoarra igandean Gorritik aizkora saioan ariko da.

Asier Pellejero, Eneko Saralegi, Mikel Indakotxea eta Joxean Etxeberria ariko dira eskualdetik

Txapelketako lehen kanporaketa honetan bederatzi aizkolari ariko dira lanean eta tartean izanen dira Asier Pellejero (Areso), Eneko Saralegi (Leitza), Mikel Indakotxea (Zubieta) eta Joxean Etxeberria (Ziga). Lau kanaerdiko moztu beharko ditu aizkolari bakoitzak igandean Gorritin.

Euskal Herriko III. Mailako AIzkora Txapelketa igande honetan abiatuko da Gorritin (Nafarroa). 12:00etatik aitzinera lehen kanporaketa jokatuko dute bederatzi aizkolarik eta finalerako txartelaren bila ariko dira lanean. Aizkolari bakoitzak lau kanaerdiko moztu beharko ditu.

Bederatzi aizkolarik parte hartuko dute, tartean lau eskualdekoak: Iñaki Kintana (Zerio, Araba), Eloy Corchero (Araia, Araba), Done Intxausti (Amorebieta-Etxano, Bizkaia), Xabier Garcia (Dima, Bizkaia), Aitor Urteaga (Idiazabal, Gipuzkoa), Asier Pellejero (Areso), Eneko Saralegi (Leitza), Mikel Indakotxea (Zubieta) eta Joxean Etxeberria (Ziga). Lehenbiziko sailkatzen diren hiru aizkolariek finalerako txartela lortuko dute.

Bigarren kanporaketa irailaren 28an jokatuko da Aizarnazabalen (Gipuzkoa) eta hemen zortzi aizkolari ariko dira lanean eta tartean Mieltxo Mindegia zubietarra. Berekin hauek parte hartuko dute: Aritz Irazabal (Bizkaia), Beñat Lekue (Bizkaia), Xabier Dorronsoro (Gipuzkoa), Jokin Alkizalete (Gipuzkoa), Goizeder Belza (Nafarroa), Iban Resano (Nafarroa) eta Iker Vicente (Nafarroa). Hemen ere lehen hiru sailkatuek finalerako txartela lortuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun