Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, Zazpi Herrialdeen Arteko Kirol Txapelketa jokatuko da igande honetan Atharratzen (Zuberoa). 16:00etatik aitzinera Araba, Nafarroa Beherea eta Garaia, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Zuberoako taldeak ariko dira lehian.
Hauek izanen dira kirolariek egin beharreko lanak. Sokatiran 640 kiloko kategorian ariko dira; 1,25 metrotara dauden 50 koxkor bildu beharko dituzte; 18 kiloko ingudea ahalik eta gehien altxatu beharko dute minutu eta erdian; 45 kiloko lastoa ahalik eta gehien altxatu beharko dute bi minutuz, eta ehun kiloko harriari ahalik eta altxaldi gehien emateko denbora bera izanen dute; 50 kiloko txingekin ahalik eta plaza gehien egin beharko dituzte eta orgari ahalik eta bira gehien eman. 80 kiloko zakuarekin hiru kirolarik 360na metro egin beharko dituzte; etzanda jarritako 45 ontzako enborrari 10 ebaki eman eta aizkolariak 45 ontzako lau enbor moztu beharko ditu.
Txapelketa honetan aurten ere hainbat izanen dira Nafarroako taldea ordezkatuko duten eskualdeko kirolariak: Sokatiran Amaiur eta Lesakako Beti Gaztekoak ariko dira, koxkor biltzen Fernando Etxegarai (Bera) ariko da, lasto altxatzen Eneko Telletxea (Igantzi), harri jasotzen Unai Bertiz (Sunbilla), orga jokoan Joseba Petrirena (Bera) eta aizkoran Ander Erasun (Aurtitz). Nafarroako taldean ariko diren gainerako kirolariak hauek izanen dira: ingude altxatzen Imanol Martin (Berriozar), txingekin Adrian Berruezo (Ibero), zaku lasterketan Karlos Santamaria, Oskar Aguas eta Oier Aizkorbe (Berriozar) eta arpanean Josetxo eta Iñaki Barberena anaiak (Iraizoz).