Mendukilo koba (Astitz – Nafarroa) kudeatzen duen sozietateak, Astitz-ko Kobak, eta inguruko hotel eta ostatuek abiatua duten elkarlanaren baitan, abuztu osoan eskaintza berezia prestatu dute alojamenduetako bezeroentzat eta baita Plazaola Partzuergo Turistikoko bezeroentzat ere.
Jarduera gehiago ere prestatu dituzte uda honetan Plazaola ingurua bisitatzera datozenentzat: ibilbide seinalizatuak, bizikleten alokairua, ibilbideak zaldiz, bisita gidatuak, gastronomia, natura… Horietan interesatua guztia dagoenak informazio gehiago aurkituko du www.plazaola.org webgunean.
Oroitzapenezko urtea
Plazaola trenak Iruñea eta Donostia elkartu zituenetik 100 urte bete dira aurten eta 20 urte Plazaola Partzuergo Turistikoa osatu zenetik. Gertaera horien urtemuga aitzaki hartuta, hainbat jarduera prestatu ditu aurten Plazaola Partzuergo Turistikoak. Eskualdeko garapen turistiko jasangarria sustatzea eta antzinako trenaren ibilbidea berreskuratzea dira Partzuergoaren helburu nagusiak, betiere tokiko entitateen laguntzarekin: Arakil, Areso, Imotz, Larraun, Leitza eta Lekunberri, eta ehun bat kide pribaturen babesarekin (alojamenduak, jatetxeak, tabernak, artisauak, saltokiak, ekintzak…) lehen aipatutako herrietakoak eta baita Araitz, Basaburua, Goizueta, Ultzama eta Sakanakoak ere.