
Aurten ere artzain amerikanoen besta antolatu du Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak eta oraingoan Bardeetan izanen da irailaren 18an. Aitzakia horrekin, artaldeen sarrera ikustera joan behar dute, «gure artzainek egiten zuten transhumantziarekin zerikusi haundia duela pentsatzen dugulako, eta oroitzapen franko ekarriko dielako», dio Laura Igantzi, elkarteko presidenteak.
Gainera, Kongozanteen lehendakariak, sarrerako tiroa egitea eskeini die Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari, eta elkarteko bazkidea den Jose Aguasek (argazkian) botako du hasierako tiro hori. Petilla de Aragonen sortutako 80 urteko gizon hau, bizi guztia abeltzaina izan da. Ameriketan 7 urte egon baino lehen ere, Aezkoa aldean artzain ibili zen, eta Ameriketatik itzultzerakoan Unzue herrian bere ardiekin segitu du. Gaur egun ere, mila ardi ditu berekin, eta urtero joan izan ohi da sarrera ikustera, eta ilusio berezia egin dio sarrerako tiroa egitea.
Irailaren 18ko programa
08:00etan: Sarrerako tiroa.
08:00etatik-10:00 arte: artaldeak ikusten dituzten bitartean gosalduko dute.
10:00etan: artzain monumentoaren ondoan argazkia aterako dute.
11:00etan: Bankako Menditarrak lagunduta, Olibako Monastegian meza izanen dute (mezara joan nahi ez duenarentzat Ferialera joateko aukera emanen diote).
13:30ean: Cadreitako Marisol jatetxean bazkaria, sarrera higballarekin.
Sarrerak betiko tokietan salgai egonen dira, eta elkartetik diotenez, «alaitasunez ikusten dugu, Ameriketatik gero eta artzain gehiago egun hori gurekin pasatzera etorri nahi dutela jakitea. Euskal Artzainak Ameriketan elkartetik ilusioarekin jarraitzen dugu lanean, gure artzainak egindakoa zabaltzeko». Horren adibidea, San Ferminetan Iruñeko txistulariek eskeini zieten omenaldi bikaina, edo Bertizko Jauregian erakusgai duten erakusketa arrakastatsua. Herri ezberdinetatik eskatu diete erakusketa eramatea. Laura Igantzik dioenez, «lanean jarraituko dugu, eta jasotzen ditugun laguntza eskasak bereziki eskertu nahi ditugu».