XIII. Ramon Latasa Saria eta asto proba eginen dira Sunbillako Santiburtzioetako asteburuan

TTIPI-TTAPA 2014ko abuztuaren 7a

Sunbillako pilotalekuan ikuskizun bikaina izanen da igandean, Ramon Latasaren omenez hamahirugarren urtez antolatutako aizkora sarian. Artxiboko argazkia

Migel Mindegiak kanako enborra moztuko du igandean, 65 urterekin

Abuztuaren 10ean, igandean, 19:00etatik aitzinera jokatuko da XIII. Ramon Latasa saria Sunbillako pilotalekuan. Bezperan, abuztuaren 9an, larunbat arratsaldeko 7etatik aitzinera, asto proba eginen da Sunbillan. Hiru asto ariko dira lehian 550 kiloko harriarekin.

Abuztuaren 10ean, igandean, 19:00etatik aitzinera jokatuko da XIII. Ramon Latasa saria Sunbillako pilotalekuan. Ekitaldi berean, kanako enborra moztuko du Migel Mindegiak, 65 urterekin. Bezperan, abuztuaren 9an, larunbat arratsaldeko 7etatik aitzinera, asto proba eginen da Sunbillan. Hiru asto ariko dira lehian 550 kiloko harriarekin.

Ramon Latasa Sariari dagokionez, ntolatzaileak lan handia egiten ari dira eta 2002tik honat, urtero bezala jaialdi bikaina antolatu dute, elkartu daitezkeen hamar aizkolari onenekin bost bikote osatuz: Floren Nazabal-Ander Erasun; Aitzol Atutxa-Ugaitz Mugerza; Donato Larretxea-Felix Etxebe­rria; Iñaki Azurmendi-Jon Rekondo eta Unai Otaño-Joxe­mari Olasagasti.

Orain arte lau proba desberdin egin behar izaten zituzten. Aurten, ordea, berrikuntza izanen da eta lan bakarra izanen dute, baina lan luzea. Bikote bakoitzak 16 enbor moztu beharko ditu; hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako.

Euskal aizkora­ probak gehiago dira iraupeneko probak abiadurakoak baino. Txapelketetan iraupena beti izaten da ordu erditik gorakoa eta zaleei hori gustatzen zaie. Horregatik aldatu da aurten.

Ekitaldi berean, Migel Mindegia handia arituko da kanako enbor bat mozten, 65 urterekin. Mindegia oraindik gogoratzen da bere maisua izan zen Ramon Latasaz, eta berak ere omenaldia egin nahi dio marka handi bat eginez.

 

Asto proba

Herri kirol zaleek ederki pasatzeko aukera izango dute abuztuaren 9an, larunbata, 19:00­etatik aitzinera, Ulibeltzak elkarteak antolatutako herri kirol jaialdian. Aspaldiko urteetan gazte koadrila batek herri kirol saioa egiten du bestetan, sekulako giroa sortuz. Aurten ere proba berezia izanen da. Asto proba jokatuko dute, zubi berrian. Hiru asto arituko dira lehian eta 550 kiloko harria erabiliko dute 15 minutuko saio batean. Asto bakoitzak bi laguntzaile izanen ditu: Darko astoarekin Unai Bertiz eta Igor Bertiz; Isidro astoarekin Ar­kaitz Vicente eta Luis Iba­rra eta Bisente astoarekin, Iñaki Aranbi­llet eta Xabier Petrirena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun