EHNE sindikatua Baztango udalarekin bildu zen abuztuaren 7an, uztailaren 4ko azken uholdeek nekazaritza eta abeltzaintzan eragindako galera eta kalteei buruz informatzeko zein hauek babesteko diru-laguntzak eskatzeko helburuarekin. EHNEk jabetza pribatuko zelai, soro eta nekazaritza-abeltzaintzako azpiegituretan izandako kalte eta galerak zehaztu zituen. Hain zuzen, Erratzu, Elbete, Beartzun, Narbarte eta Arizkunen, bertzeak bertze, soro eta zelaien lurra eraman du urak eta honen ordez harriak utzi, harri-lubetak, itxierak eta belar bolak ere eraman ditu. Zenbait kasuetan gainera, kaltetuek ezin dute kalte-galerak bere gain hartu, diru-kopuru handia suposatzen baitute. Hau guztia dela eta, Nafarroako Gobernuari kalte-ordainen eskaera egitera premiatu dio EHNEk Baztango Udalari.
Izan ere, Baztango Udalak zabaldu zuen informazioa ikusirik, non zioten indarrean dagoen 2005eko 307 Errege Dekretuak ez zuela nekazaritzan zein abeltzaintzan jasotako kalte-galerarako inolako diru-laguntzarik aurreikusten, EHNE Baztango Udalarekin harremanetan jarri zen, Nafarroan aurretik izandako bertze uholdeak zirela eta nekazaritzarako eratu diren neurri eta diru-laguntzaz informatzeko.
EHNEk nabarmendu du uholde hauek “hondamen naturala” edo “ez ohiko gisa” izendatzeak duen garrantzia. Izan ere, gauzatuko luke azpiegitura publikoa eta pribatuetan izandako kalteak Bruselak baimentzen duen kopuruaren %100ean babestea.
Baztango Udalak Nafarroako Gobernuko Landa Garapen kontseilaria José Javier Esparzarekin harremanetan jarriko dela konpromisoa hartu, baita laster deituko duen bilera informatiboan ere kaltetuei izan dituzten galeren deklarazio osoa eta zehaztua hartuko diela aurreratu du.
EHNEk, berriz, nekazari eta abeltzain kaltetuei deitzen die sindikatuak Elizondon duen bulegotik pasatzera. Bertan, uholdeak direla eta izan dituzten kalte eta galeren berri modu zehatzean ere emateko aukera izanen dute. Horrela, orain arte 20 bat pertsona pasatu da jada EHNEk Baztan eta Bidasoako sektoreari erantzuteko duen bulego honetatik.