Doneztebek hemeretzigarren aldiz irabazi du Baztan-Errekako Laxoa txapelketa

TTIPI-TTAPA 2014ko abuztuaren 4a

Laxoa txapelketako finalistak, epaile, antolatzaile eta sariak banatzen aritu zirenekin. Alicia del Castillo

Abuztuaren 2an Oizko plazan jokatutako finalean 9-5 irabazi zion Irurita Bri

Baztan-Errekako 35. Laxoa txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 2an Oizen eta bigarren urtez segidan Doneztebe A taldea suertatu zen garaile, 9-5 irabazi baitzion Irurita Bri. Doneztebeko Jokin Arraztoa izendatu zuten finaleko jokalari onena.

Doneztebe A taldearekin Pascual Bertiz sakalaria, Koldo Legarra numeroa eta Jokin Arraztoa eta Javier Bertiz koartoak aritu ziren. Azpitxapeldun izan zen Irurita B taldean, berriz, Xabi Barberena sakalaria, Gorka Urtasun numeroa eta Egoitz Prim eta Karlos Goikoetxea koartoak aritu ziren. Marrak zaintzen Alberto San Miguel Oizko alkatea aritu zen eta epaile lanean Doneztebeko Eduardo Oiartzabal, Iruritako Guillermo Etxenike eta Oizko Lander eta Iñaki Mendiola.

Lehenbiziko jokoa iruritarrek egin bazuten ere, hasieran berdintasun handia izan zen: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2 eta 2-3 aitzinetik izan ziren baztandarrak. Baina horren ondotik, bortz joko segidan egin zuen Doneztebek (7-3). 7-4 eta 8-4koaren ondotik, bosgarren jokoa egin zuen Iruritak, 25 minutuko lehiaren ondotik, 22 aldiz a dos egon eta gero. Alferrik izan zen, azken jokoa doneztebarrek egin baitzuten.  

 

Hirugarren postua ere Doneztebera

Larunbat goizean jokatu zen hirugarren posturako norgehiagokan ere Doneztebe Bk (Javier Almandoz, Asier Mutuberria, Juan Telletxea eta Bittor Mendiburu) 9-4 irabazi zion Irurita Ari (Joseba Urtasun-Oscar Urrutia-Iñaki Etxandi-Jagoba Ramos).

Arratsaldeko finalaren ondotik egin zen sari banaketa. Alberto San Miguel Oizko alkateak eman zizkien garaikurrak eta txapelak Doneztebe A taldekoei eta sari banaketan izan ziren Jose Ramon Iriarte Nafarroako Pilota Federazioko presidentea, Cesar Gonzalez de Heredia eta Katxin Iriarte, Pilotarien Batzarra elkarteko presidente eta presidente ordea, edo Valentziako Joc de pilota eta bertze modalitatetako aditua den Alberto Soldado, bertzeak bertze. Erran bezala, Mikel Eizagirre zaleak ematen duen finaleko onenarentzako saria Jokin Arraztoak jaso zuen.

Ondotik, afaria izan zen Oizko elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun