Uztailaren 31n jokatu zen Euskal Herriko sega txapelketako kanporaketa Aian (Gipuzkoa). Zortzi segalari aritu ziren abuztuaren 10ean Leitzan jokatuko den finaleko lau txartelen bila. Esnaola, Garaialde, Lizaso eta Jon Kanflanka leitzarrak lortu zuten urratsa ematea.
Ordu erdiko bi txandatan aritu ziren Aiako Andatza auzoko Aristerrazuko belardietan ostegun goizean. Lehenengo txandan Esnaola jaun eta jabe izan zen, 1.832 kilo belar bilduz. Garaialde izan zen bigarren (1.542 kilo), Merkader hirugarren (1.497,5 kilo) eta Pardo laugarren (1.477 kilo).
Bigarren txandan ez zen halako alderik izan. Lizaso nagusitu zen 1630,5 kilorekin, Jon Kanflankak 1552,5 kilo bildu zituen, Gabirondo II.ak 1521 kilo eta Irazustabarrenak 1.377 kilo. Beraz, 31 kiloko aldera besterik ez zion atera leitzarrak hirugarren izan zen gipuzkoarrari.