Oihan lanetarako laguntzak eskatu dituzte hainbat udalek Iruñean

TTIPI-TTAPA 2014ko uztailaren 31

Nafarroako hainbat udaletako ordezkariak uztailaren 30ean Iruñean. Diario Noticias

Urteroko dirulaguntza deialdia berriz egitea eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Nafarroako Gobernuaren murrizketen barnean, oihan eta basoen mantenimendurako urtero egiten zen dirulaguntza deialdirik ez du egin aurtengoan. 60 udal ordezkarik kritikatu dute egoera eta oihan lanetarako laguntzak gero eta murritzagoak direla salatu.

Nafarroako Gobernuaren murrizketen barnean, oihan eta basoen mantenimendurako urtero egiten zen dirulaguntza deialdirik ez du egin aurtengoan. 60 udal ordezkarik kritikatu dute egoera eta oihan lanetarako laguntzak gero eta murritzagoak direla salatu.

Honela, mendietako garbiketak, desbrozeak, pista berriak, landaketak edo suteen prebentzioarekin zerikusia duten lanak egiteko zailtasunak dituzte edo egin gabe gelditu behar izaten dute.

Egoera hau kritikatu duten udalen artean daude Areso, Baztan, Bera, Leitza edo Lesakakoak, bertzeak bertze. Uztailaren 30ean Irulean egindako prentsaurrekoan, Ur Algero Aresoko alkateak eta Montxo Muruzabal Leozko alkateak hartu zuten hitza. Ur Algerok aipatu zuenez, 2008an, toki erakundeek lau milioi euroko laguntzak zituzten oihaneko inbertsio eta lanetarako. Iaz, 1,8 milioi euro besterik ez ziren eman, “gehiena aurrez egindako inbertsioak ordaintzera bideratuak, beraz inbertsio berri gutti egin ziren”.

Baina egoera hori oraindik okerragoa izan daiteke aurten. Hortaz, udalek oihan lanetarako dirulaguntza deialdia lehenbailehen argitaratzea eskatu diote Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio departamentuari. «Gainerakoan, gure mendi eta basoetako egoerak okerrera eginen du eta horrek eragin negatiboa izanen du ez bakarrik gure herrietan, baita ingurumenean eta gure eskualde eta bailaretako garapen sozioekonomikoan ere».

Oihan eremuak uztearen ondorioz, bideak itxi egiten dira, pistak hondatu eta horrek, abeltzainen, herritarren eta turisten harat-honatak zailtzen dituela ere gogoratu zuten.

Garbiñe Aleman, Baztango alkateak aipatu zuenez, «300.000 euroko laguntzarekin Elizondon gertatutako uholdeen eragina murritzagoa izanen litzateke, erreka bazterrak garbitzeko aukera izanen baitzen». Ur Algero, Aresoko alkateak bere aldetik, mendiak zikin badaude, egur loteak edo biomasa ateratzea ezinezkoa suertatzen dela azpimarratu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun