Motxila gibelean eta mundua aitzinean

Eneritz IRAOLA 2014ko abuztuaren 7a

Geroz eta gehiago dira atzerriko herrialdeak ezagutzeko modu hau aukeratzen dutenak

Esperientzia berrien gosez. Ohiko postaletatik urrunduz. Herrialdea bertako biztanleen begietatik ­ikusten saia­tzen dira. Bidaitzeko modu merkeagoa izateaz gain, aberasgarriagoa ere badela diote. Eskualdeko lau bidaiariri, oroitzapenez ­gainezka dituzten motxilak ­irekitzeko eskatu diegu, beraiek bizitakoa gurekin konpartitzeko.

 Helmugak eta bidaia­tzeko arrazoiak desberdinak izan arren, ahobatez diote zituzten «aurreikuspen guztiak gainditu» zituela egindako bidaiak. Joaneko tiketa erosi eta itzulerakorik gabe joan ziren batzuk, etorkizunaren edota poltsikoan zituzten txanponen esku utziz itzulerako data, «bidaiak berak baitu ga­rrantzia, pasatako denborak eta helmugak baino gehiago». 

Bertzeek, xehetasunez programatu zuten guztia, azken minutu eta segundoei etekina atera nahian. Motxila zuten lauek bizkarrean, oinarrizko jantzi eta elikagaiak bertan sartuta.

 Hego Ameriketara joatea aukeratu zuten Edurne eta Noeliak, Ur Ekialde Hurbilean barna ibili zen eta Jonek, Oihan lagunarekin batera, Moskutik Pekinerako bidea egin zuen tren tran­siberia­rrean.

Hango paisaiek ha­rritu eta bertako herritarrekin gozatu zuten. Kultura eta ohitura desberdinak zituzten bisitariei, euren etxeetako ateak zabaltzen zizkietelako, batzuk dirutruk,  bertzeek musu­truk. Diotenez, mahaiaren bueltako solasaldi luzeetan edota  batetik bertzerako tren eta autobus bidaietan ezagutu zituzten herrialde haietako benetako altxorrak. 

Zenbait estereotipo eta uste okerrak direla ere ikasi dute «lehendabiziko ikasgaia, besteena aurreiritzirik gabe ikusten saiatzea da». 

Euren buruak hobeto ezagutzeko ere tartea izan dute, «senti­tzen eta pentsatzen duzunaren inguruan galdera berriak sorrarazten dizkizu bizitakoak». 

Gerora egin dituzten bidaietan ere eragina izan du “motxilero” ibili izanak, «ohartzen zara, ez duela zentzurik herrialde batetara bidaia­tu duzula esateak, bertakoekin inongo ha­rremanik ez baduzu izan» aipatu digute.  

 

OINARRIZKO BALDINTZA

«Oso garrantzitsua da beti esker onekoa izatea eta bertakoen jatortasunaz ez ­probestea»

Ur ALGUERO

Aresotik Ekialde Hurbilera

 

 

KONPAINIA

«Bakarrik bidaiatu arren ez zara hala sentitzen, irekiak dira oso eta taldeko kide sentiarazten ­zaituztelako segituan»

Edurne ETXEBERRIA

Leitzatik Kubara

 

 

GAUZEN BALIOA

«Hipotekarik gabe, ­elikagai naturalak edonon aurkituz, bizimodu merkeagoa eramanez bizitzea posible dela erakusten dizute».

Noelia ARIZTIA

Doneztebetik Ekuadorrera

 

Jon DE LA CRUZ |  BERA

«Treneko bagoian ikusitakoak herrialdearen argazki erreal bat ateratzeko aukera eman zigun»
 
Oihan Irazoki lagunarekin batera, egin zuen bidaia Jonek eta tren hotsa izan zuten lagun, batetik bertzerako bidea egiteko.  «Transiberiarra hiru bide nagusitan sailkatzen da eta guk Moskutik hasita, Siberia eta Mongolia zeharkatzen dituen bidea egin genuen, Pekinen bukatzeko» azaldu digu.Trenak eta trenean ibiltzea aurrez ere maite zuten biek eta azaldu digu bertan bizi izan zituztela bidaiako momenturik politenak «jende pila bat ezagutu genuen, Errusiako alde ezberdinetakoak denak. Hirugarren klasean egin genuen bidaia. Hau da tiket merkeena. 60 persona inguru joaten ginen hainbat ohatzetan eta bi komun zikin zituen tren batean». Herrialdearen egoeraz ere jabetu ziren bagoi ttiki hartan «Siberiako pobreziaz ohartu ginen eta ikusi genuen zein desberdina den Moskurekin alderatuta, hiri eta herrien artean ere desberdintasunak izugarriak dira». Ustekaberen bat ere izan zuten bidaian «treneko gelatxo batean haragiarekin kontrabandoan zebilen emakume bat harra­patu genuen». Izan zuten besterik ere, «bi pertsona hil­tzeagatik  20 urte kartzelan pasa eta kalera atera berria zen gizon batek bere presondegiko katilua oparitu zigun eta Txinan gure bizarraren ondorioz musulmanak ginela ere uste izan eta argazkiak ateratzen aritu ziren gurekin». Halako bidaia bat egin ondotik,  «aurreiritzi gehienak erabat bazter­tzen» direla aipatu digu «konturatzen zara, herrialde bateko jendea ezin dela ezaugarri bakar batekin definitu.  Adibidez Errusian jendea hotza dela esaten da eta guk kale giro bikaina eta gurekin solastu nahi zuen jendea topatu genuen». Mongolian nomada ba­tzuekin egun bat pasa eta beraien Ger dendan lo egiteko aukera ere izan zuten. Oroko­rrean,  «esperientzia bikaina izan zen, ikuspegia aldatu eta ditugun erraz­tasunei balioa ematera behartu gintuen egonaldiak».

BIDAIEN XEDEA
«Bidaiatzean lasaitasun edo luxua bilatu beharrean, jende eta toki exotikoak ezagutu nahi izaten ditugu»
 
Noelia ARIZTIA |  DONEZTEBE
 
«Sistema lasaiago eta ­libreago bat ezagutzeko etorri nintzen Hego Ameriketara»
 
Neska «ameslaria eta alaia naiz, aske izan eta sentitzea gustuko duena» aurkeztu digu bere burua Noeliak. «Mundu desberdin baten bila» irten zen eta  Doneztebe gibelean utzita Hego Ameriketan batetik bertzera dabil pasa den urteaz geroztik. Gastuak ordaintzeko artisau lanetan aritzen da eta  turista atze­rritarrei berak egindako bitxiak­ saltzen dizkie. Horretaz gain, judoko klaseak ere ematen hasia da. Argentina, Bolivia, Peru eta Kolonbian barna ibilia da eta gaur egun Ekuadorren bizi da «Montañitas izeneko hondartza turistiko batean». Herri txiki eta lasaia izan arren, «lan egiteko egokia» delako gelditu da bertan.
 
Hego Amerikara berriz, bertako sistema lasaiagoa eta libreagoa zelakoan joan zen eta «espero nuena baina askoz garbi, moderno eta lasaiago da» aipatu digu. Herrialdea «naturala polita, ilusio eta energiaz betea»  dela gaineratzen du. Herrialdera iritsi berritan, hostal batean boluntario aritu zen lanean eta hala bertako ohitura, janaria eta bizimodua hurbiletik ezagutu ahal izan zituen. Atzerritarrak etxean hartzera, «ohituak» daudela dio, «gurekin lan egiten dute, gurekin konpartitu, ikasi eta guri ere irakatsi». Ezagutu duen txoko bakoitzean «asko ikasi eta burua irekitzeko aukera» izan duela azpimarratzen du. Perun hasi zen artisautza lan­tzen, «bertako lagun batek erakutsi zidan dakidan guztia». Ma­krame teknika erabiliz bitxiak egiten dituzte, harriak, oskol desberdinak landuta, «bisita­tzen dugun toki bakoitzetik gure lanerako balio dezakeen materiala biltzen saiatzen gara». 
 
Bertako lasaitasunak harritu du gehien «hipotekarik gabe, elikagai naturalak edonon aurkituz, bizimodu merkeagoa eramanez bizitzea posible dela erakusten dizute». 
 
«Bizitzak milaka aukera ditu eta niri hona ekarri nau» aipatu digu. Itzuliko dela dio «etxea eta in­gurua maita­tzen ditudalako, noiz ez dakit».

BERTAN GERATZEKO 
«Herrialde naturala, polita, ilusio eta energiaz betea da. Bertan nabari den lasaitasuna zoragarria da».
 
Edurne ETXEBERRIA |  LEITZA
 
«Bidaia ezberdina egin nahi nuen, etapa bat itxi eta beste bat irekitzeko trantsizio bat»
 
Motxila bizkarrean hartu eta bakarrik bidaia bat egiteko erabakia hartu zuen Edurnek 2011ko udan. «Esperientzia berri bat probatu nahi nuen, nire burua gehiago ezagutu eta beldurrak gainditu» aipatu digu. Aspalditik zuen herrialde hura ezagu­tzeko gogoa eta «irlak duen fama onak, bertako jendearen izaerak, eguraldi onak eta bakarrik bidaiatzeko lurralde segurua izateak» eraman zuten Kubara.«Oso informatuta» joan zela aitortu digu, lagun batzuk au­rrez bidaia bere modu beretsuan egina zutelako. Joan aurretik, hegaldia eta lehendabiziko egunetako lotarako lekuak lotu zituen eta handik aurrera, «bertan erabakitzen joan nin­tzen, dena zetorren bezala hartuz eta bizituz». Esan digu Kuban hedatua dagoen turismo mota dela mo­txilarena «haien etxeetan bi edo hiru egunez geratu ohi dira mo­txileroak, logelak alokatuta, normalena lurraldean zehar mugituz bidaiatzea baita». Edurnek La Habana, Santiago eta Baracoan aurkitu zuen lotarako tokia eta aipatu digu azken horretako familiarekin ha­rreman estua izan zuela «bikote bat eta bi seme alaba bizi ziren etxean eta momentu ­atseginak elkarbanatzen genituen. Elkarrizketa interesgarriak izaten genituen bai Kuba eta baita Euskal Herriko egoera politikoaz, musikaz, janariaz, bizimoduaz, ohituretaz...». Euren egunerokoaren parte bilakatu zen eta haiekin konpartitzen zuen eguna «elkarrekin joaten ginen hondartzara, kobazulo ba­tzuk ikustera ere eraman ninduten» dio.  «Turista eta kubatarren artean dagoen banaketak» harritu zuen gehien «kubatarrek beraientzat bakarrik diren autobusak dituzte adibidez. Poliziak kontrola­tzen ditu eta ez diete turistengana hurbiltzen uzten». Bidaia hartatik ezagututako jendea azpimarratzen du, «benetan aztarna bat utzi zuten nire bihotzean, edonori gomendatuko nioke bertara joatea». 

KUBATARREN IZAERA
«Beraien umore ona eta laguntzeko borondatea azpimarratuko nituzke, duten gutxia ematen dizute»
 
Ur ALGUERO |  ARESO
 
«Munduan ikusi eta gozatzeko asko egon arren, ez da ahaztu behar erroak non ditugun»
 
Haurra zela askotan irakurtzen zituen 1001 gauetako paisaiak  ezagutzeko aukera izan zuen  2010ean. Otsai­laren 14an abiatu eta ekainaren 6an itzu­li zen. Hasierako asmoa «Turkiatik Indiara hegazkinik hartu gabe bidaiatzea zen, tartean Irandik pasaz, baina Pakistanen giroa nahiko nahasia zegoenez, Nepalera joateko hegazkina hartu behar izan nuen, han Annapurnako trekkinga egin eta gero jo nuen India Iparralderantz» azaldu digu.  Iranen egin zuen egonaldirik luzeena, «bost aste» eta bertako herritarren laguntzeko borondatea eta izaera azpima­rra­tu dizkigu, «harro daude direna direlako». Indiako Sikh erlijioko jendeaz ere dio «eskuzabalak dira, oso zuzenak, duintasuna da hobekien definitzen dituen hitza». Izan zuen esperientzia bitxiren bat bizi­tzeko tartea, «Iranen egon nintzen lehenengo herrian, Jolfan, ostatuko langile batek lagundu zidan bertako mugiko­rra lortzen, garraio sistemak uler­tzen eta bere lehengusuarekin, Akbarrekin, jarri ninduen harremanetan in­gelesez zekielako». Herrialdearen beste aurpegiak ezagutzeko «oso lagungarria izan zen» dio «adibidez, persiar festa batera eraman ninduen eta mendebaldeko aurreiritziak deuseztatzeko balio izan zidan». Gerora, Sanandajen bizitakoa ere gogoan du: «Kurdu familia batek etxean hartu ninduen pare bat egunez eta beraiekin izan nuen Ne­wrooz-a ospatzeko aukera, in­guruak eta  beren dantza tradizionalak eraku­tsi zizkidaten, beraien ohiturak  jazarriak dauden herrialde batean». Baina, agian kuriosoena «Shirazen euskaraz zekien zokoko saltzaile bat ezagutu nuenekoa izan zen, Euskal Herrian lagunak zituen». 
 
Bidaiak «bere buruari buruz ikasteko» balio izan ziola aipatu digu eta horretaz gain, «ikasi nuen egoerarik zailenean ere beti badagoela irtenbideren bat, ongi hausnartuz gero aterabideren bat». 
 
BIDAIAN IKASIA 
«Nire burua ezagutzeko balio izan dit eta erakutsi dit bidaiatzea ederra dela nora itzuli baldin baduzu»

 

 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun