Uztailaren 31n abiatuko da XXXII. Buruz buruko Erremonte txapelketa Kutxa-Kutxabank eta hamar erremontelari sartuko dira jokoan. Berrikuntza moduan, ez da ligaxkarik jokatuko eta kanporaketa zuzenak izanen dira.
Javier Urriza txapeldunarekin batera, Zeberio II, Julen San Miguel, Xanti Uterga eta Koteto Ezkurra doneztebarrak, Endika Urrutia saldiastarra, Zeberio II, Ion, Etxeberria IV, Etxabe II eta Barrenetxea IV sartuko dira lehian, irailaren 6an jokatuko den finalerako txartelaren bila. Hain zuzen, azken bi pilotari hauek prebia moduko bat jokatuko dute uztailaren 31n, ortzegun arratsaldean Galarretan. Final zortzirenetako lehen partida Zeberio II eta Endikak jokatuko dute abuztuaren 2an, larunbatean.
Kanporaketak edo eskailera modu honetan osatua dago. Koadroaren bukaeran, finalerdietan, joan den urteko finalistak izan ziren San Miguel eta Urriza daude esperoan. Final laurdenetan esperoan dagoena Ezkurra da. Etxabe II-Barrenetxea IV.aren arteko partidaren irabazleak Utergaren kontra jokatzen duen final zortzirenetako norgehiagoka irabazten duenaren kontra ariko da Koteto. Partida horretako irabazlearen kontra ariko da Urriza final erdietan. Koadroaren bertze aldean, final laurdenetako bertze partidan, Zeberio II-Endika eta Etxeberria IV-Ion partidetako irabazleak ariko dira elkarren kontra. Irabazlea San Miguelen kontra ariko da finalerdietan. Partida guztiak 30 tantura jokatuko dituzte.