Bertiz Natur Parkera egiten diren bisitak % 10 handitu dira urteko lehen seihilekoan, iazko denboraldi berarekin alderatuta; 30.240 pertsona erregistratu ziren 2013ko urtarrila eta ekaina artean eta, 2014an, denbora-tarte berean, 33.894, Parkeko patronatuko kideek jakinarazitakoaren arabera. Gaur elkartu dira José Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria buru izan duen bileran.
Gainera, 2013an egindako jarduera nagusiak, azpiegituren arloak, erabilera publikoa eta kontserbazioa eta abar berrikusi dituzte eta aurtengo 2014 urterako aurreikusitakoak aurkeztu dira.
18.123 pertsona sartu dira lorategi historiko-artistikoan aurtengo urtarriletik ekainera. Lanegunetan, 11.613 izan dira bisitariak (% 64), eta gainerako 6.510 bisitariak asteburuetan eta jaiegunetan hurbildu dira parkera (% 35,9).
9.817 pertsona izan dira Naturaren Interpretazio Zentroan. Horietatik 5.893 (% 60) lanegunetan joan ziren eta gainerako 3.924 bisitariak (% 39,9) asteburuetan eta jaiegunetan.
Basoko bisitariak 14.821 izan dira. Lanegunetan 5.904 (% 39,8) pertsona joan ziren eta, asteburu eta jaiegunetan, 8.917 (% 60,1).
Bisita gidatuei dagokienez, 1.035 bistarik osaturiko 26 taldek parte hartu dute. Bisita gidatu partikularrak ere egin dira.
Azpimarratzekoa da Arkupeak erretiratuen elkartearen bisita; 260 pertsonak hartu zuten parte bisita horretan.
Tasubinsako langileak
Aurten, behatokia konpondu da, teilatutik behera doan hodia libratu da, presiodun urarekin garbitu da, estalkiaren eta zementuzko barandaren estaldurak konpondu dira eta teilaberritu egin da. Kotxerak, jauregia, bide nagusiak, aparkalekua, askaltokiak eta bidexkak ere hobetu dira. Aurten, eskualdekoak diren Tasubinsako langileak egiten ari dira lorategi artistikoko eta haztegiko lanak.
Bertzalde, 2014an, honako erakusketa hauek egongo dira ikusgai: Pedro Ciga eta Dorotea Fernándezen antzinako argazkiak, "Zer da zuretzat basoa" II. pintura- eta argazki-lehiaketa, Ana Ibañez artistaren "Espacios íntimos" lana, Arkupeak elkarteko artisauek (zur-lanketa, forja-lanak eta margolanak) egindako lanak, "La vida de los americanos en fotos", Diana Iniestaren "Baztan" lana eta Jon Lanbroa argazki-taldearen "Donde los árboles sueñan".
Aipatu beharrekoa da, bi urtean behin, parkeak etxerako egur sortak banatzen dituela Oieregiko bizilagunentzat. Espezie exotiko eta inbaditzaileak kontrolatzeko planaren barruan egindako mozketetatik lortutako egurra da. Aurten, eskari horri erantzungo zaio.
Landarediari dagokionez, sekuoia erraldoia, mahonia, acer palmatifidium, sofora japoniarra, izei espainiarra, zingiretako altxifrea, amodio-zuhaitza, likidanbar, katalpa, pinazi-pinua, hydrangea paniculata, hydrangea villosa eta passiflora purple rain espezieak landatu dira besteak beste. Udaberri-udako urteroko loreak erosi dira (huntza, gitanilla gorria, askotariko begonia semperflorens eta arrosa-landareak, besteak beste), loreontzi eta parterreetan landatzeko. Hainbat inausketa ere egingo dira horiei lotuta.
Interes ekologikoaren alorrean, Baztan-Bidasoa eskualdeko basoko saguzaharrei buruzko azterlana egingo da, baita anfibio eta narrastien jarraipena ere. Gainera, parkearen inguruko itxituraren egoeraren segimendua, zuhaiztien kudeaketa orokorra eta zuhaitz heldu eta oso helbuen segimendua egingo dira. Jardueren sorta osatzeko, ikastaroak eta jardunaldiak antolatu dira, esate baterako, Tuterako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Esperientziaren Gelako ikasleentzako teoria-eskola bat, paisaiari buruzko Europako Ituna Bertizarana-Malerreka lurraldearen antolamenduak aplikatzeari buruz, eta ehun urtetik gorako zuhaitzen kudeaketaren alorrean adituak eta trebatzaileak direnentzako ikastaro aurreratu bat.
Bertizko Jaurerria Natur Parkearen patronatuko kideak
Bertizko Jaurerria Natur Parkearen patronatua honako erakunde hauetako ordezkariek osatzen dute: Oieregi eta Narbarte kontzejuak (Bertizarana); Bertizaranako, Etxalarko eta Baztango udalak; Bidasoa-Berroarango Administrazio Batzarrea; Bertizko partzuergoa; Lurra; Gurelur; Cederna-Garalur, eta Nafarroako Gobernua (Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Turismoko, Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateetako zuzendari nagusiak eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, gainerako langile teknikariez gain).
Aipatzekoa da, Bertizko Partzuergoaren ordezkari kudeatzaile berria izan zela bileran. Emaldi Ereñok Izaskun Goñiren amatasun baja ordezkatzen ari da ekainaren 18tik eta hamabortz urte baino gehiagoko esperientzia dauka kudeaketaren munduan.