1.165 lagun zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak uztail hondarrean, ekainean baino 12 guttiago. Nafarroa osoan %0,76 bertzerik ez da langabezia uztailean eta eskualdean zertxobait gehiago, %1,02. Kontuan hartu behar da urtea 232 langabetu gehiagorekin hasi zela, baina ilbeltzeko igoera bortitzaren ondotik, pixkanaka duela bi urteko mailara jautsi da langabetu kopurua, hilabetez hilabete.
Uztailean 778 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 64 bakarrik mugagabeak.
Gizasemeen artean langabezia beheiti, emakumezkoetan goiti
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 518 lagun daude langabezian, ekainean baino 21 guttiago. Aldiz, adin tarte horretako emakumeen artean 543 langabetu daude, ekainean baino 13 gehiago. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ere 5 lagun guttiago daude langabezian, 64 langabetu, baina adin tarte horretako emakumeen artean ere ekainean baino emakume bat gehiago dago lanik gabe, 40 emakume denera.
Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta uztailean langabetu bat gehiago dauka, 755etik 756 langabetura pasatuz. Industria arloan 7 langabetu guttiago daude, 193 denera. Eraikuntzan 2 langabetu gehiago daude, 126. Nekazaritzan ere lagun bat gehiago dago langabezian, 19 lagun, baina aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 71 lagun daude langabezian, ekainean baino 9 guttiago.