Espero zena baino lan handiagoa egin behar izan zuen Endika saldiastarrak buruz buruko Kutxa txapelketa jokatu ahal izateko txartela eskuratzeko. Azkenean 30-24 irabazi zion Segurolari eta ekainaren 29ko aurkeztuko den txapelketan izanen da aurten ere.
Partida berdindua eskaini zuten Saldiaskoak eta Aizarnazabalkoak. Segurola ez dago sakea ateratzera ohitua eta hori nabaritu zen. Errestoan ere sufritu zuen, baina halere piloteoan berdintsu ibili ziren eta partida ez zen bukaera arte erabaki.
Urrutia 4-0 irabazten hasi zen, baina inoiz ez zuen alde nabarmenik hartu. Zortzi tantu aurretik egon zen 22-14koan eta bazirudien partida hautsi zuela, baina 0-6ko partzialarekin, bi tantura hurbildu zen Segurola (22-20). Baina Endikak sakea berreskuratu zuenean berriz ere bortz tantuko aldea hartu (25-20) eta 30-24koarekin akitu zen partida. Beharbada giltza sakean egon zen. Urrutiak 9 tantu egin zituen sakez eta Segurolak 4. Orain, ekainaren 29an aurkeztuko den buruz buruzko Kutxa erremonte txapelketan izanen da Urrutia.
Kolorerik ez partida nagusian
Ortzegunean Galarretan jokatutako jaialdiko binakako partida nagusian ez zen kolorerik izan eta Etxeberria IV eta Julen San Miguelek 40-20 irabazi zieten Urriza eta Barrenetxea IV.ari.
Jaialdia ireki zuen partidan, Matxin VI eta Aritz Zubiri goizuetarrak 35-30 irabazi zieten Ezkurra II doneztebarra eta Aizpuru III.ari eta jaialdi itxi zuen partida borrokatuan, Otaegi eta Patxi Olazar doneztebarrak 35-34 irabazi zieten Etxabe II eta Labakari.