Urtero bezala, Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa erabaki dira Iruñeko Sanferminetan eta aurten ere txapel uzta ederrarekin bueltatu dira hiriburutik eskualdeko kirolariak.
Nafarroako emakumezkoen arpana txapelketan Nerea Sorondo eta Amaia Gartzia beratarrek irabazi zuten, iaz bezalaxe. 5 minutu eta 44 segundoz ebaki zituzten 45 ontzaren hamar korteak. Iraizoz ahizpak izan ziren bigarren (06:29) eta Nuñez eta Lopez hirugarren (07:06).
Maika Ariztegik errekorra hobetuz irabazi zuen Nafarroako ingude altxatze txapelketa. 93 altxaldi eman zizkion bederatzi kiloko ingudeari. Bigarren sailkatua bere ahizpa Mertxe izan zen. Gizonezkoen ingude altxatze txapelketan Josetxo Urrutia leitzarra suertatu zen txapeldun, 18 kiloko ingudeari 84 altxaldi egin ondotik. Berako Herri Kirol Taldeko Aritz Izuzkiza hirugarren izan zen, 78 jasoaldiekin. XIV. San Fermin Motozerra sarian Oieregiko Esteban Arruti nagusitu zen, lau probetatik hiru irabazita.
Kadete mailako Nafarroako arpana txapelketan Basaburua-Baztango Eneko Irigoien eta Andoni Galarregi suertatu ziren txapeldun eta Antton Irigoien eta Iker Aleman azpitxapeldun.
Nafarroako harrijasotze txapelketan zazpigarren txapela jantzi zuen Unai Bertiz sunbildarrak, 16 altxaldirekin. Josetxo Urrutia leitzarrak 13 altxaldi egin zituen eta Xabier Ariztegi Santxin etxalartarrak 9.
Emakumezkoen txinga eramate txapelketa Xanta Souza lesakarra erraz nagusitu zen, 47 plaza eginez. Estitxu Almandoz lesakarrak 11 plaza eta erdi egin zituen eta Berako Nerea Sorondok 11 plaza eta laurden.
Joan den urtean bezala, Eneko Telletxea igantziarrak irabazi zuen Nafarroako lasto altxatze txapelketa, 12 altxaldirekin. Amaiurko Lander Landiribar bigarren izan zen.
Uztailaren 13an, Nafarroako bikotekako txapelketa jokatu zen eta Ander Erasun aurtiztarra eta Jon Rekondo leitzarra suertatu ziren txapeldun, Floren Nazabal eta Ruben Saralegi eta Donato Larretxea eta Juanjo Lopezen aitzinetik.
Gurdi altxatzen, Xabier Urrutia arraioztarra suertatu zen txapeldun, 10 zentimetro eskasengatik. Bi itzuli, laurden bat eta 4,10 metro egin zituen gurdia altxatuta. Josetxo Urrutia leitzarrak, berriz, bi itzuli, laurden bat eta 4 metro egin zituen. Iruñeko Alvaro Zugarrondo hirugarren izan zen.
Hondar egunean, Nafarroako txinga eramate txapelketa jokatu zen. Iberoko Adrian Berruezo nagusitu zen, Josetxo Urrutia eta Unai Bertizi aurre hartu ondotik.