Baztan-Errekako 35. Laxoa txapelketako finala abuztuaren 2an jokatuko dute Oizen eta gauza bat jakina da: Doneztebe eta Iruritaren arteko finala izanen dela. Izan ere, finalerdietan Irurita A (Joseba Urtasun-Oscar Urrutia-Iñaki Etxandi-Miguel Bidegain) Irurita Bren (Xabier Barberena-Gorka Urtasun-Jagoba Ramos-Karlos Goikoetxea) kontra eta Doneztebe A (Pascual Bertiz-Koldo Legarra-Jokin Arraztoa-Javier Bertiz) Doneztebe Bren (Javier Almandoz-Asier Mutuberria-Juan Telletxea-Bittor Mendiburu) kontra ari dira. Hau idazterakoan, joaneko partidak jokatuak dituzte eta oraindik ez dago batere argi finalistak zein izanen diren, bi partidak 9-8ko emaitzarekin akitu baitziren, biak A taldeen alde.
Finalerdietako itzuliko partidei dagokienez, Irurita B eta Irurita A artekoa uztailaren 19an jokatzekoa zuten Iruritan eta Doneztebe B eta Doneztebe A artekoa, uztailaren 26an, larunbat arratsaldeko 5:30ean jokatuko dute Donezteben. Joaneko partidak ikusita, faborito argirik gabeko norgehiagokak dira, baina garaileek sari ederra izanen dute: finala jokatzeko txartela.